Jaiak "parte hartzaileak, errespetuzkoak, alaiak eta zoriontsuak" izan daitezen
Jaien atarian, udalean ordezkaritza duten talde guztiek adierazpen bateratua kaleratu dute. Abotsanitz, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduk sinatu dute.
Hondarribiko jaiak hemen dira, asteazkenean piztuko dute festaren suziria. Jaien atarian, udalean ordezkaritza duten talde guztiek adierazpen bateratua kaleratu dute. Abotsanitz, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduk sinatu dute. Jai “parte hartzaileak, errespetuzkoak, alaiak eta zoriontsuak” opa dizkiete hondarribiarrei.
“Jakin badakigu herriko jaiak, alardea eta konpainiak gure herrian oso garrantzitsuak direla eta herritar asko ikusten ditugu bere antolaketan eta gertatzen ari diren aldaketetan inplikatuta. Udalak eragile guztiekin lan egiteko konpromisoa berresten du, ospakizun honen inguruan dagoen gatazka konpontzeko urratsak eman daitezen. Ziur gaude elkarrizketak bide emango diola legealdi honetan gure hiriak irailak 8 zoriontsu eta adiskidetua ospa dezan”, dio adierazpenak.
Erantzukizuna eta errespetua eskatu diete herritarrei, horiek izan daitezela datozen egunetako protagonista nagusiak.