HAPOren inguruko bi saioetan, "parte hartze handia eta aktiboa"
Azken asteotan "adostasun zabalagoa" bilatzeko bi saio ireki egin dituzte, egun onartuta dagoen dokumentuak ez duelako "babes maila nahikoa".
Hondarribiko Hiri Antolamendurako Planean (HAPO) “adostasun zabalagoa” bilatzeko bi saio ireki egin ditu udal gobernu berriak azken asteotan. Abuztuaren 24an eta 31n egin zituzten, Itsas Etxea Auditoriumean, eta udalak balorazio positiboa egin berri du. “Hiritar askok parte hartu dute, hainbat adin eta sektoretakoak. Parte hartze handia eta oso aktiboa izan da, galdera asko egin zituzten eta interes handia zegoela ikusi dugu”, esan du Estitxu Urtizberea zinegotziak.
Urtizbereak gogorarazi du joan den maiatzean onartu zela HAPOren hasierako onarpena, “soilik aurreko gobernu taldearen aldeko botoekin eta gainontzekoen aurkakoekin”. Egun onartuta dagoen dokumentuak ez duela “babes maila nahikoa” erantsi du Urtizbereak, eta gaur egun ez lukeela izango udalbatzaren gehiengoa. “Udal gobernu taldeak, parte hartzeari indarra eman nahi izan diogu, ahalik eta adostasun handiena izango duen tresna bat lortu ahal izateko”, erantsi du.
Bide batez, gogorarazi du irailaren 29an bukatu dela alegazioak aurkezteko epea, ordura arte luzatzea erabaki baitute.
HAPOren gaineko informazio eta xehetasun gehiago lotura honetan kontsulta daitezke.
Erakusketa, zabalik
Azkenik, HAPOri lotutako erakusketak Itsas Etxean zabalik jarraitzen duela gogorarazi du zinegotziak. Astelehenetik ostiralera bisitatu daiteke, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.