Hainbat jarduera antolatuko dituzte eskualdean, Mugikortasun Astearen harira
Bizikleta eta auto elektrikoa protagonista, Mugaz Gaindiko Partzuergoak tailerrak, hitzaldiak eta irtenaldiak antolatuko ditu.
Irailaren 16tik aurrera, Mugikortasunaren Europako Astea hastearekin batera, Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek mugikortasun jasangarriaren inguruko sentsibilizazio kanpaina abiatuko dute. Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, hiru herrietako biztanleriari garraio ohituren inguruan hausnartzeko ekimen sorta antolatuko dute, hala. Hirugarren urtea izango du partzuergoak, agenda bateratua programatuko duena. Egitasmoak klima aldaketari aurre egitea izango du xede, “garraio jasangarria” sustatuta.
Bizikleta, egitarauan nagusi
Alde batetik, hiru udalek “Village Vélo” tailerrak antolatuko dituzte, neska mutilei bizikletaren erabileraz sentsibilizatu eta berau hauspotzeko. Jolasak, eskulanak zein trebetasun zirkuituak garatuko dituzte tailerrotan, besteak beste.
Bestetik, “Nagusikleta” jarduera eskainiko dute, bizikletan ibili ezin diren adinekoei paseoa emateko. Horretarako, bi pertsona garraiatzeko egokitutako trizikloak erabiliko dituzte. Ordubete iraungo dute irtenaldiek, eta badiako bidegorritik igaroko dira.DJ baten emanaldia lagun, gaueko bizikleta martxa antolatuko dute ere, helduei begira.
Auto elektrikoan, arreta berezia
Hortaz guztiaz gain, arreta berezia eskainiko zaio auto elektrikoak bete dezakeen paperari, hiri-eremu jasangarriak eraikitzerako garaian. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidasoa Bizirikek lankidetzan, bi hitzaldi antolatuko dituzte Mugikortasunaren Astean: “Hiri mugikortasunaren oraina eta etorkizuna: interesatzen zait auto elektriko bat erostea?” galderari erantzungo dio Juan Carlos Ausinek (INNventa Energiako aholkularia). Irailaren 19an, asteartean, Hondarribian arituko da; eta bi egun beranduago, irailaren 21ean, Irunen.
Jarraian, irailaren 16tik (larunbatetik) irailaren 22ra (ostiralera) antolatuko duten ekimen sorta:
Larunbata, irailak 16:
- ‘Village Veló’ tailerra. 17:00etatik 19:00etara Irungo Zabaltza plazan.
Igandea, irailak 17:
- ‘Village Veló’ tailerra.11:30etik 13:30era Hondarribiko Butroe pasealekuan.
Astelehena, irailak 18:
- ‘Nagusikleta’. 16:00etatik 18:00etara, Ama Xantalenetik abiatuta.
Asteartea, irailak 19:
- ‘Nagusikleta’. 15:00etatik 17:00etara, Haizpean EPADHtik abiatuta.
- Hitzaldia. 19:00etan, Hondarribiko Musika Eskolako Auditorioan. “Hiri-mugikortasunaren oraina eta etorkizuna: Interesatzen zait auto elektriko bat erostea?”.
Asteazkena, irailak 20:
- ‘Village Veló’ tailerra. 15:00etatik 17:00etara Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekuan.
Osteguna, irailak 21:
- ‘Nagusikleta’. 16:00etatik 18:00etara, Hondarribiko San Gabriel egoitzatik abiatuta.
- Hitzaldia. 19:00etan, Irungo Palmera Montero gunean. “Hiri-mugikortasunaren oraina eta etorkizuna: Interesatzen zait auto elektriko bat erostea?”.
Ostirala, irailak 22:
- Gaueko bizikleta martxa. 21:00etan abiatuko da Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekutik. 21:40ean Irungo Urdanibia plazara helduko da eta 22:15ean abiatuko. Gaueko 23:00etan iritsiko da Hondarribiko San Pedro kalera.