EH Bildu: "Konponbiderako oinarriak jartzeko garaia da"
Taldeko bi zinegotziak elizako eskaileretan egongo dira ostiralean, "Jaizkibel Konpainiari historian lehenengo aldiz Hondarribiko Udalak egingo dion harrera ofizialean". Legegintzaldi honetan gatazkari bukaera emateko "aukera garbia" dagoela diote.
Hondarribiko EH Bilduk alardearen gaineko irakurketa egin berri du, eta ostiral honetan (hilak 8) izango duen jarrera azaldu nahi izan du hedabideei bidalitako ohar batean. Herrian zerbait aldatzen ari dela esan dute lehenik, hori bai, “guk nahiko genukeen baino askoz luzeagoa izaten ari den prozesu baten ondorioz”. Alarde publiko, parekide eta bakarraren aldeko ahotsak “gero eta gehiago” direla diote. “Duela 26 urte guk egin genuen hautua gero eta hedatuago dago, eta udaletxean emandako aldaketa politikoak helburu hori lortzeko aukera paregabea eskaintzen du. Behingoz, elkarrizketarako mahai bat osatu eta 26 urteko gatazkari bukaera emateko aukera garbia daukagu legegintzaldi honetan”.
Aurtengo alardeari dagokionez, koalizio subiranistak “konponbidearen aldeko keinua” egingo duela erantsi dute. Horregatik, taldeko bi zinegotziak elizako eskaileretan egongo dira, “Jaizkibel Konpainiari historian lehenengo aldiz Hondarribiko Udalak egingo dion harrera ofizialean”. “Une historiko honen parte” izan nahi du EH Bilduk, “26 urte hauetan argi izan dugulako zein den helburua, eta garai hartan egindako hautua indartuta dakusagulako gaur egun”.
Gobernu taldeak alarde baztertzaileari harrera egiteko eskatu diela esan dute taldekoek, baina “koherentziaz jokatuta”, ez diotela harrerarik egingo. “Harrera egiteak jarrera matxista baten konplize izatea dakarrelako. Izan ere, guk alarde publiko, parekide eta bakarra lortu arte lan egingo dugu”.
Bide batez, jakinarazi dute urtero Jaizkibel Konpainiak deitzen duen elkarretaratzean (udaletxeko arkupetan egin ohi dena) izango direla taldeko ordezkariak. “Irailaren 8an egingo dugun keinu honek balio dezala 9tik aurrera konponbidearen alde urratsak egiteko. Izan bedi legealdi hau irailaren 8an hondarribiar guztiak era zoriontsua batzea lortuko duena”, esan dute azkenik.
Garoa Lekuona zinegotziak honako mezua helarazi die herritarrei, bideo bidez: