[Elkarrizketa] “Elkarrekin ospatzeko eguna irudikatzen has gaitezen gaurtik”
Hondarribiar gazteak estreinakoz gidatuko du Jaizkibel konpainia irailaren 8an. «Urduri, baina pozik eta arduraz» hartu dio lekukoa Oihana Etxebarrietari. Aurten «pauso handiak» egin dituztela dio.
Nolako irailaren 8a izango da aurtengoa?
Nire aldetik ezberdina, kapitain bezala aterako naizelako. Urduri, pozik eta arduraz aurreikusten dut urte hau. Jaizkibel bezala, guk gure partetik hitz egin dezakegu soilik, eta aurreikusten duguna da geroz eta handiagoa den konpainia garela, beraz, iazkotik alderatua, jendetsuagoa izango den Jaizkibel batekin aurkituko gara, eta ziurrenik ere, kalean babes gehiago topatuko dugu. Atzeraezina den aldarrikapen eta eskubideak kaleak eta espaloiak beteko ditu, eta horri geroz eta gehiago erantzuten eta begiratzen dion udal korporazio batekin aurkituko gara. Gehiengo dira emakumeon parte hartzearen aldeko posturak Hondarribiko Udalean, eta horrek ere isla izango du egunean bertan. Hala ere, oraindik bakartuta desfilatzen duen konpainia izaten jarraituko dugu, alardetik at dagoena, eta beraz, ez-normaltasun hori ere bizi beharko dugu beste urte batez.
Aurtengo desfilean berritasunik izango dela uste duzue?
Keinu batzuk eskatu genizkion udal gobernuari, guretzat oso garrantzitsuak direnak. Gure eskaeren artean, goizean Gernikako Arbolatik abiatzea, arratsaldean Zapateroa Kale Nagusitik egin ahal izatea, jaietako egitarauetan Jaizkibeleko argazkiak eta ordutegiak ere agertzea, eta Guadalupeko botoan normaltasunez parte hartzea daude, adibidez.
Ez ditugu eskaera guztiak lortu, baina bai guretzat pauso handi diren batzuk, eta hauek, alarde parekidearen bidean aurrerapauso handiak dira Jaizkibel konpainiarentzako eta herriarentzako.
Azkenaldian izan diren keinuak, Guztion Alardea taldeak abiatu duen sinadura bilketa, esaterako, nola baloratzen dituzue?
Ondo dago herria pixkanaka konturatzea eta mobilizatzen hastea, beti puntu positibo bat da. Erakunde guztiek puntu bera izatea komunean, hau da, emakumeek alardean parte hartzearena, nahiz eta bide eta erritmo ezberdinak jarraitu.
Talde berri guztiak ongi etorriak izango dira, baina ez da ahaztu behar Jaizkibelek gauza bera eskatu zuela duela 30 urte. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta indar gehiago batuko dugu.
Zein da udal berriari egiten edo egin diozuen deia?
Aurten, udal berriarekin, aldaketa nabarmena egon da. Komunikazio gehiago izan dugu batez ere, horregatik lehen aipatutako keinuez aparte, beste erakunde batzuekin elkarrizketa erraztea, eta komunikazio sare bat sortzea beharrezkoa da, konponbide bat laster lortzeko.
Eta herritarrei, zer eskatzen diezue irailaren 8rako?
Egon daitezela beti bezala kaleetan Jaizkibel babesten, gure borrokan jarraitzen dugula, gure eskubideak lortu arte.
Keinu txikiak oso baliagarriak dira guretzat, eta segregazioa bultzatu nahi duten bideak ez babestea da horietako bat. Alardeak ezin du baztertzailea izaten jarraitu, ezin dugu onartu gure herrian horrelako zerbait gertatzen jarraitzea. Herritar guztiok elkarrekin ospatzeko eguna irudikatzen has gaitezen gaurdanik.
Bide beraren alde borrokatzen jarrai dezagun elkarrekin, eta ez dezatela ahaztu benetako errebindikazioa eta mezua zein den: Alarde bakarra, publikoa, eta parekidea.