Alkateak ELArekin "ezkutuko konpromisoa" duela salatu du EAJk
%20eko soldata igoerak "hirian bideragarria ez den egoera bat irekitzen" duela salatu dute jeltzaleek. Greba bukaera txalotu arren, udal gobernuak akordioa "isilpean erosi" duela diote.
Udal lorezainek lortu berri duten akordioaren harira, Hondarribiko EAJk ohar bat kaleratu du. Bertan salatu dute Igor Enparan alkateak ELA sindikatuarekin “ezkutuko konpromisoak” dituela, eta horrekin kezkati agertu dira. Akordioa “txalotzen” duten arren, “hirian bideragarria ez den egoera bat irekitzen” dela diote.
Adostutako formularekin ez datozela bat esan dute jeltzaleek, “izan ere, Abotsanitzeko gobernuak akordioa erosi egin du isilpean duen konpromiso ekonomiko eta administratibo baten truke”. Honen gaineko azalpenak eskatu dizkiote udal gobernuari. Horregatik, “airean geratu diren” galdera sorta bat argitzeko eskatu diote udalari, “lehenbailehen”. Honako galderak helarazi dizkiete (hitzez hitz):
- ELAk adierazi bezala, udalak hitz eman du orain arte greban egon diren lorezaintzako langileei soldata % 20 igoko diela?
- Zer soldata-irizpide eta administrazio-irizpide hartzen ditu erreferentziatzat igoera horrek?
- Nola eta noiz gauzatu nahi du soldata-igoera eta lan-orduen murrizketa?
- Formula hori erabiliko du Abotsanitzek (soldatak % 20 igotzea eta 100 ordu murriztea) beste enpresen eta langileen arteko etorkizuneko lan-gatazkak konpontzeko?
- Udal-gobernuak kontratetako plantilla subrogatuak funtzionarioen baldintzekin parekatu nahi dituen argituko du? Berdin egingo du garbitzaileekin edota kiroldegiko langileekin?
- Hala bada, zergatik ez du irekitzen administrazio-prozesu gardena eta lehia askekoa?
- Zein da berdeguneak garbitzeko, sastrakak garbitzeko eta mantentzeko plana berriro martxan jartzean?
- Zerbitzuaren kalitate berari eutsiko zaio, lorezain bakoitzak 100 ordu gutxiago lan egingo duela kontuan hartuta?
Azalpen guzti horiek, “eta beste batzuk” eman beharko dizkietela esan dute, “Abotsantizek agindutako gehikuntza gure poltsikotik hartuko dugun hondarribiarroi”. Halaber, “baliabideen zorioneko horretan ikusten ez diren langile publikoei” ere azalpenak eman beharko dizkietela esan dute, baita ere “hemendik aurrera grebak nola saritzen eta ixten diren ikusten duten beste kontrata batzuetako langileei”.
Bukatzeko, gardentasunez jokatzeko eskatu diote udal gobernuari, eta eskatu diote azaltzeko “nola idatziko eta justifikatuko duen juridikoki eta administratiboki hurrengo baldintza plegua, ELAk hainbeste txalotzen duen igoera hori jasoko duena eta udal gobernuak ezer esaten ez duena”.