[Argazkiak] Helburua erraz lortuta: Hondarribia Kontxan
Gaurko Kontxako sailkapen estropadan bosgarren izan da Hondarribia. Zailtasunik gabe lortu dute aurrera egitea.
Arazorik ez. Emakumeen Ama Guadalupekoa trainerua Kontxan izango da. Beraz, irailaren 3 eta 10eko igandeetan urteko banderarik preziatuena eskuratzeko lehian arituko dira Miren Garmendiak gidatutako traineruaren arraunlariak. Gaurko sailkapen estropadan bosgarren izan dira berdeak Orio irabazlearen, eta Arraun Lagunak nahiz Tolosaldea eta Zumaiaren –eguneko sorpresa, ETE Ligakoa delako— atzetik. Berdeen atzetik sailkatu da, seigarren, Hibaika. Beraz, Oarso Bidasoak sailkapenean zituen bi traineruek egin dute aurrera, barruan daude. 2023ko Kontxako traineru guztiak Euskal Herrikoak izango dira, sei gipuzkoar eta bizkaitar bat. Bihar gizonen txanda izango da
Itsaso zakarra, orduko 40 kilometroko haize ufadekin. Zakarra baino, itsaso kirastua arraun egiteko behintzat. Hasierako estatxa ere hartzeko arazoak izan dituzte hainbat traineruk. Baldintza oso txarrak. Balentria gaurkoan arraunlari guztiek egin dutena.
Hondarribiari dagokionez, logikaren pisua ez da zama izan berdeentzat. Lasai egin dute arraun. Tentsioarekin, baina egoerak eskatzen zuen pazientziarekin. Txukun. Itsasoranzko luzean 7.34ko denbora egin dute, ziabogan osotara bosgarren onena. Bueltako luzean popareko olatuak mendean hartu, eta abiadura bizian joan dira Kontxako hondartza alboko helmugako ontzitxora. Iritsi direnean, albiste baikorrak jaso ditu pinganillotik Miren Garmendia lemazainak, “lan ona. Lasai. Barruan gaude, ziur”. Eta hala izan da.
Orain, datorren iganderako ederki prestatzea izango da hondarribiarren asmoa. Ospakizuna merezi su sailkatzeak, baina neurrikoa. Helburuak helburu, lehenik eta behin igandean ohorezko txandaren bila joateko aukera dute Iker Cortesek entrenatutakoek. Hala balitz, irailaren 10ean, amestera eta gozatzera. Zorionak Hondarribia.
Kontxarako gaurko sailkatuak (Donostiarrak jada badu gonbidapena):
- Orio 12.23
- Arraun Lagunak +8
- Tolosaldea +13
- Zumaia +34
- Hondarribia +41
- Hibaika +43
- Kaiku +49