Alardeko Musika Bandako kideak dokumentu bat sinatzera behartu dituztela salatu dute
"Genero berdintasuna ez errespetatzeaz gain, pertsonen sentimendu eta ideia aniztasuna kolokan" jarri dutela diote. Udalari jarrera hauen aurrean "esku hartzea" eskatu diote.
Hondarribiko Alardeko Musika Bandako kideei dokumentu bat sinarazi dietela salatu du Guztion Alardea taldeak. Honetan, honako bi adierazpenekin bat egitera behartu dituzte partaideak: “Adierazten dut gure arbasoengandik jasotzen dugun bezala sentituko dudala Alardea, jakitun izanik izaera pribatua duen elkartearen helburua dela gure alardearen eta botoaren balioa hedatu, transmititu eta babestea, emakumeen partaidetza kontenplatuz kantinera figura gisa bakarrik”; eta “Lehen puntu honen kontrako edozein ekintza jasotzen bada, berehala kanporatzeaz gain, bazkidearen kondizio hori galduko da”.
Bada, “genero berdintasuna ez errespetatzeaz gain, pertsonen sentimendu eta ideia aniztasuna kolokan” jartzen dutela salatu dute Guztion Alardekoek. “Dokumentua idatzi eta sinarazi dutenei Alardea hondarribiar guztiona dela ahaztu zaie. Eta edozein hondarribiar Alardetik kanpo uztea onartezina da”. Horregatik, Hondarribiko Udalari, jarrera hauen aurrean “esku hartzea” eskatu diote.