115 eguneko grebaren ondoren, udal lorezainek akordioa lortu dute
Udal gobernu berriak "jarrera guztiz bestelakoa" izan duela dio ELAk. Lortutako akordio honi esker, %20ko soldata igoera izango dute.
Elai Serbitzuak SLko langileek (udal lorezainek) bukatutzat eman dute azken hiletako borroka, akordio berria sinatu baitute enpresarekin. Hala, gaur bertan lanean hasi direla jakinarazi du ELA sindikatuak.
115 eguneko greba egin dute lorezainek. Tarte horretan enpresa “desagertuta” egon dela salatzen ibili dira, eta joan den martxoaren 20an egindako proposamena “eskasa” izan zenez, greba luzatu behar izan zuten. “Maiatzaren 28 aurretik zegoen talde politikoarekin (EAJ) hasi zen gatazka, eta lehen zegoen taldeak langileen eskakizunei entzungor egin zien bezala, maiatzaren 29an udal gobernuan sartu zen taldeak (Abotsanitz) jarrera guztiz bestelakoa eduki zuen. Arazoaren konponbidea non egon zitekeen aztertu genuen”, diote sindikatutik.
Abuztuan zehar akordioaren egituraketa lantzen aritu dira udal gobernuarekin. Lortutako akordio honi esker, azpikontratako langileak udal langileekin parekatuko dituzte. Honek bataz besteko %20ko soldata igoera suposatuko du, baita lan orduen murrizketa bat ere, 108 ordu hain zuzen.
ELAko iturrien arabera, langileek “oso positiboki” baloratu dute akordioa. Orain, hitzarmen bat garatu beharko dute, hurrengo esleipenarekin batera indarrean sartuko dena. Honi lotura, langileek ere honakoa lortu dute akordio honi esker: enpresak kendutako dirua berreskuratzea, konpentsazio eta absortzio klausula ezerezean uztea eta sortutako atzerakinen dirua jasotzea (irailetik aurrera).
“Argi geratu da langile borroka eta borondate politikoa uztartzen direnean administrazioko azpikontratek baldintza duinak lor ditzaketela”, erantsi dute sindikatukoek.