Real Unionek garaipenarekin hasi du sasoia
Txuri-beltzek atzo hasi zuten denboraldia Galen Sabadellen aurka, eta 2-1 nagusitu ziren Fran Justo entrenatzailearen lehen partidan.
Real Unionek bide onetik hasi du 2023-2024 sasoia. Txuri-beltzek atzo hasi zuten denboraldia Galen Sabadellen aurka, eta garaipena lortu zuten Fran Justo entrenatzailearen lehen partidan (2-1). 908 zaleren aurrean, neurketaren aurretik Jon Irazustabarrena atezain eta kapitainak Real Unioneko Beteranoen Elkarteak eta Txingudi Radiok ematen duten Erregulartasunaren Saria jaso zuen.
Irundarrak azkar jarri ziren aurretik markagailuan, bigarren minutuan Ivan Perezek sare barrura bidali baitzuen Alain Oyarzunek ateratako falta. Hortik aurrera, Real Union nagusi izan zen lehen zatian, eta abantaila handiagoarekin joateko sentsazioarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, baina, Sabadellek aldaketak egin zituen, eta neurketaren pisua eramaten saiatu zen. Kataluniarrek 79. minutuan aurkitu zuten saria, partida berdindu baitzuten Gomezen burukada bati esker. Real Unionek hutsetik hasi behar zuen berriro, eta ez zeuden amore emateko prest. Norgehiagoka bukatzear zela, 85. minutuan, Cerdak garaipenaren gola sartu zuen eta denboraldiko lehen hiru puntuak etxean geratu ziren. Ezin hobe hasi dute sasoia txuri-beltzek.
Irundarren hurrengo partida asteazkenean izango da, hilak 30. Real Unionek Federazio Kopako autonomia erkidegoko faseko finalerdia jokatuko du Gobelan (Getxo) Arenasen aurka, 19:30ean.