Haurtxokoetan izena emateko epea, hastear
Hiriko bost haurtxokoetako izen-emateak irailaren 1etik 7ra egin behar dira. Orotara, 363 toki eskainiko dira, eta aurten, lehenengoz, behar bereziak dituzten haurrentzako hiru toki eskainiko dira.
Irungo Udalak prest du 2023-2024 ikasturteko haurtxokoen programazioa. Nuria Alzaga Gazteria arloko ordezkariak, Irati Redondo Gazteria arloko arduradunak eta Carlos Subijana Txiribueltako kideak gaur goizean jakinarazi dute Irungo haurtxokoetan aurretiko izen-ematea egiteko epea hastear dela. Irailaren 1etik 7ra bitartean gauzatuko dira izen-emateak.
Irungo haurtxokoen sarea bost haurtxokok osatzen dute, eta “familiei kontziliatu eta moldatzen” laguntzeaz gain, 4 eta 11 urte bitarteko haurren abilezia sozial, kultural eta artistikoak sustatzen dituztela adierazi dute. Abilezia horiek garatzeko, askotariko jarduerak, tailerrak eta irteerak antolatzen dituztela gogorarazi dute. Honakoak dira Irungo bost haurtxokoak: Lapitze, Katea, Txikilab (Palmera Montero), Etxealde eta Erdialdea.
Egitarauari dagokionez, astelehenetik ostiralera bitarteko programazioaz gain, ikasturtean zehar familia osoarentzako beste proposamen batzuk ere egingo direla aurreratu dute. Jarduera horiek larunbat goizetan gauzatuko dira, Familia ta Lagun eta Sormen Tailerrak programen bidez.
Orotara, 363 toki eskainiko dira hiriko haurtxokoetan, eta aurten, lehenengoz, behar bereziak dituzten haurrentzako hiru toki eskainiko direla adierazi dute.
Aurreko ikasturteetan egin bezala, haurtxoko guztietako jarduna bi txandatan banatuko da: lehenengo txanda 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat eta, bigarrena, 9 eta 11 urte artekoentzat. Txanda bakoitzean 24 toki eskainiko dira, eta plaza horien barruan behar bereziak dituzten haurrentzako hiru leku eskainiko dira. Horrela banatu dituzte txandak:
- Astelehen eta asteazkenak: 4-8 urte.
- Astearte eta ostegunak: 4-8 urte.
- Ostiralak: 9-11 urte.
Prezioak
Ikasturteko kuota orokorra 40,60 eurokoa izango da, eta bizikidetza unitate bateko bigarren haurraren eta harengandik aurrerako bakoitzaren kuota, aldiz, 22,35 eurokoa. Horrez gain, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten edo antzeko egoeran dauden bizikidetza unitateetako haurrek kuota orokorraren %90eko hobaria izango dutela jakinarazi dute.
Izen-emate egutegia
Hiriko haurtxokoetako izen-emateak irailaren 1etik 7ra egin behar dira, Irungo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren autozerbitzu terminalak erabilita.
Onartuak direnen eta kanpoan geratzen direnen behin-behineko zerrendak irailaren 13tik 15era egongo dira ikusgai udalaren atarian. Eskaria eskaintza baino handiagoa bada, irailaren 19an zozketa bat egingo dela azaldu dute, eta emaitzak irailaren 21ean argitaratuko dira udalaren webgunean.
Behin betiko izena emateko eta dagokion kuota ordaintzeko epea, aldiz, irailaren 22tik 28ra bitartean egin beharko da, eta prozesu hori internet bidez egin beharko dela esan dute, HAZ zerbitzuaren bidez.
Ate irekiak
Irailaren 22tik 28ra, ate irekien jardunaldiak egingo dira bost haurtxokoetan, interesdunek bertatik bertara ezagutu ditzaten ekipamendu eta hezitzaileak. Honakoak dira datak eta ordutegiak:
- Irailak 22, ostirala: Lapitze (Deskarga kalea, 17), 17:00etatik 19:00etara.
- Irailak 25, astelehena: Katea (Araba kalea, 46), 16:30etik 18:30era.
- Irailak 26, asteartea: Txikilab (Palmera Montero), 17:00etatik 19:00etara.
- Irailak 27, asteazkena: Etxealdea (San Migel, Lesaka kalea, 2), 17:00etatik 19:00etara.
- Irailak 28, osteguna: Erdialdea (Gipuzkoa hiribidea, 8), 17:00etatik 19:30era.