Guadalupeko Igoera, lasterketen denboraldi berria hasteko
Larunbat honetan lehiatuko da lasterketaren XLV. ekitaldia, 10:30etik aurrera. Aurrez, 09:30ean, Guadalupe Txiki gazteen lasterketa egingo da. Horrez gain, lasterketa bonuak eskuratu daitezkeela gogorarazi du BATek.
Larunbat honetan, irailak 2, hasiko da lasterketen denboraldi berria Guadalupeko Igoerarekin. Aurtengo ekitaldia, gainera, berritasunekin dator, lasterketa goizez lehiatuko baita.
Lasterkariek 10:30ean ekingo diote Guadalupeko Igoeraren XLV. ekitaldiari Jostaldi pilotalekutik, eta helmuga Guadalupen egongo da kokatuta.
Izen-emateak ostiralean itxiko dira, irailak 1, eta 10 euroko prezioa dute. Kirolprobak-en atarian egin daitezke inskripzioak. Antolatzaileek gogorarazi dute lasterketaren egun berean ere izena emateko aukera egongo dela, 15 euroko prezioan.
Bestalde, larunbat honetan Guadalupe Txiki lasterketa ere lehiatuko da. Lasterkari gazteek 09:30ean hasiko dituzte beren probak, eta adin eta distantziaren araberako irteera mailakatuak izango dituzte. Izen-emateak doakoak dira, eta Kirolprobak-en webgunean egin daitezke.
Lasterketen bonua
Bidasoa Atletiko Taldeak jakinarazi du Guadalupeko Igoera eta Txingudi Korrika lasterketetan parte hartzeko bonua eskuratzeko aukera dagoela oraindik. Aurtengo denboraldian bideratu du egitasmoa BATek, eta bonu hori kaleratzeko helburua da lasterkariek dirua aurreztea eta lasterketen egutegia denborarekin planifikatzea.
‘Guadalupe + Txingudi’ izeneko bonua bi lasterketen izen-emateak egitean eskura daitekeela adierazi du atletismo taldeak. Horrez gain, orain arteko bonuen salmentak “arrakasta handia” izan duela baietsi du BATek, eta hemendik aurrerako lasterketetan iniziatiba horrekin jarraituko dutela aurreratu dute.