Arrantzaleko auzotarrekin bildu da udala, "denboran luzatu den bizikidetza arazoa aztertzeko"
Udalak dei egin die auzoa aisialdirako erabiltzen duten horiei, "ordenantza betetzeaz gain, espazio publikoa kontzienteki eta errespetuz erabil dezaten".
Igor Enparan alkatea eta zenbait udal ordezkari Arrantzale auzoko herritarrekin bildu dira abuztu honetan, udaleko iturrien arabera, “denboran luzatu den bizikidetza arazo hau aztertzeko”. Izan ere, bizilagunek urteak daramatzate arazo horiek salatzen, bereziki gazte taldeekin izan dira talka horiek, aisialdiaz gozatzeko auzora jotzen baitute askok. Zarata, zikinkeria, kalteak, musika, liskarrak… Arazo ugari jasan behar izaten dituztela dio udalak.
Bilera horretan auzotarren kezkak jaso zituzten udal ordezkariek, eta horien artean, poliziaren presentzia handiagoa eta espazio publikoaren erabilera arautzen duen udal gobernantza aplikatzea eskatu zuten. Ordenantza hori aplikatuta, dagoeneko hainbat isun espediente jarri dituzte, eta bide horretan jarraitzeko asmoa du udalak.
Udalak dei egin die auzoa aisialdirako erabiltzen duten horiei, “egungo ordenantza betetzeaz gain, espazio publikoa kontzienteki eta errespetuz erabil dezaten, auzoko bizilagunen atseden eta bizikidetza lasairako eskubidea errespetatuz”.
“Gure ustez, poliziaren presioa ez da irtenbide bakarra, eta arazo hori konpontzeko hainbat ikuspegi hartu behar dira kontuan: prebentzio komunitarioa, hezkuntza eta familia, besteak beste. Lehen urrats gisa, herriko jaiak ospatzearen atarian gaudela, datozen egunetan hainbat kartel jarriko ditugu auzoan, bizikidetza hobetuko duten eta auzoko bizilagunen eskubideak bermatuko dituzten jokabideak izan ditzaten”, erantsi dute udaleko iturriek.