Udaltzainek baliabide gehiago izango dituzte aurrerantzean
Hogei kamera berri jarri dituzte hiriko zenbait gunetan. Baliabide berriez gain, taldea indartzeko asmoa du udalak.
Irungo Udaltzaingoak baliabide gehiago izango ditu, hala jakinarazi berri du Cristina Laborda udaleko ordezkariak. Agenteen lanerako zenbait giza baliabide eskuratu dituztela azaldu du. Udal talde guztiek iaz sinatutako “itun mugarritik” datorrela dio.
Lehenik, hogei kamera berri jarri dituzte hirian, hala nola, Karrika Nagusian eta Artalekun, Santiago inguruko merkataritza gunean, Juan Aranan, Euskal Herria hiribidean, Zabaltza eta Cipriano Larrañaga inguruan eta Pio XII plazan. 200.000 euroko inbertsioa egin dute horretarako. Kamera hauei esker “zaintza areagotu ahalko” dela dio ordezkariak, “agenteek tresna gehiago eta hobeak izango dituztelako. Era berean, bide publikoan jazotzen diren intzidentziak argitzen lagunduko dute kamerek, baita hirian antolatzen diren ekitaldi eta jardueren jarraipena hobetzea ere”.
Horri lotuta, Luis Mariano eta Artaleku elkartzen diren eremuan, Junkal plazatxoan, Behobian eta San Martzial kalearen eta San Juan plazaren artean dozena bat erdi kamera gehiago jartzeko asmoa ere badu udalak. Horretarako, Sonex TVCC San Sebastian SL enpresarekin unitate gehiago hornitu eta instalatzeko sinatutako kontratua aldatzea onartu berri du Tokiko Gobernu Batzarrak.
Kamerez gain, bitarteko hamahiru agente berri sartu dira Udaltzaingoaren taldean, askotariko lanak egiteko. Gainera, zazpi udaltzain plaza finkatu dira, datozen hiletan beteko direnak.
Azkenik, Udaltzaingoaren ibilgailu parkean hobekuntzak egin dituztela azaldu du Labordak. Hain zuzen, atestatu furgoneta berri bat eskuratu dute, eta gogorarazi du orain dela hilabete batzuk hiru patruila ibilgailu hibrido estreinatu zituztela.