Zarautzen izango dute lehia Oarso-Bidasoko traineruek asteburuan
Euskotren Ligako azken estropada jokatuko dute Hondarribiko eta Hibaikako emakumeek; Eusko Label ligan berriz, Ama Guadalupekoak bide onean jarraitu nahi du.
Asteburu honetan Eusko Label zein Euskotren Ligako gure ordezkariak Zarautzen izango dira, bertan jokatuko baitira XLVI. eta XV. Zarauzko Ikurrinak. Euskotren Ligaren denboraldiko azkena izango da biharkoa. Eusko Label Ligan berriz, postuak erabakitzen joateko balioko du asteburukoak, hamabosgarren jardunaldia izango da.
Euskotren Ligan garaikurretik urrun dauden arren, txapelketa txukuna egiteko prest daude Hondarribia eta Hibaikako emakumeak. Egun, Hondarribia bosgarren postuan dago sailkatuta (46 punturekin) eta Hibaika seigarren, 33 punturekin azken hauek.
Eusko Label Ligan berriz, Hondarribiak bide onean jarraitu nahi du, lehen postuetan sailkatzeko prest daude hondarribiarrak. Egun, hirugarren postuan daude (137 punturekin).
Larunbateko jardunaldia (Euskotren Ligakoa) 17:25ean hasiko da. Emakumezkoen estropadaren ondoren, 18:15ean, Eusko Label Ligako jardunaldia jokatuko dute. Hamabi traineruak hiru txandatan banatuko dira sailkapen orokorraren arabera.
Igandeko jardunaldia 11:20an hasiko da emakumezkoen txapelketako azken jardunaldiarekin. Bertan, Zarauzko Ikurrina irabazleari eman ondoren, Euskotren Ligako txapeldunak bere garaikurra jasoko du.
KAE1n ere lehia
Gizonezkoen San Pedro, San Juan eta Hondarribiko bigarren taldekoak ere Zarautzen izango dira asteburuan, hiruek Zarautz Arraun Elkartearen III. Ikurrina jokatuko dute bihar. 11:15ean hasiko da lehia.