HAPOn "adostasun zabalgoa" nahi du udal gobernu berriak
Aurreko agintaldian EAJk "elkarbanatutako lanketarik" gabe egin zuela dio udal gobernu berriak, eta horretarako datozen asteetan bi saio ireki egitea erabaki dute.
2017an onartutako Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plana (HAPO) behin betiko balio gabe utzi zuten auzitegiek orain dela bi urte, eta orduan berri bat idazteko prozesua abiatu zuten. Egun, planaren hasierako onarpena egina dago, joan den maiatzean onartu zen, agintaldiko azken udalbatzan. Udal gobernu berria gidatzen duen Abotsanitz taldeak dio plan hori “elkarbanatutako lanketarik eman gabe eta gobernuan zegoen alderdiaren babesarekin soilik” onartu zutela, eta gainontzeko taldeek (garai hartako oposizioko talde guztiek) kontrako botoa eman zutela. Horregatik, proiektua egiteko “adostasun zabalgoa” bilatzeko beharra nabarmendu dute gaur Igor Enparan alkateak eta Estitxu Urtizberea alkateordeak eskaini duten agerraldian, eta parte hartze mekanismo batzuk zabaldu berri dituzte.
Batetik, aurreko udal gobernuak aurreikusita zituen bi ekintza (dokumentuaren jendaurreko erakusketa bat eta jendaurreko fasearen hasieran zein bukaeran hitzaldi berriemaile bat) horiei “izaera aldatu” nahi die udal gobernu berriak, “berriemaile izatetik jendearen iritzia jasotzeko” asmoz. Beraz, parte hartze saio horiek tailer formatua izango dutela aurreratu dute, eta hilaren 24an (osteguna) eta hilaren 31ean (osteguna ere) egingo dituztela, lehena 17:30etik 20:00etara eta bigarrena 10:30etik 13:00etara. Itsas Etxean izango dira biak.
Saio hauek atzeratu direnez, alegazioak egiteko epea ere luzatzea erabaki dute. Hala, hasiera batean hilaren 21n bukatzen bazen, orain, irailaren 29ra luzatu dute.
Tailerretan parte hartzeko helbide honetan izena eman beharko da