Hondarribiarrek aukeratuko dute nork eramango duen Urrezko Intsignia
Aurten, eta lehenengoz, prozesu parte hartzaile baten bidez aukeratuko dute onuraduna. Done Pedro Itsas Gizonen Kofradia, Hondarribiko Ikastolaren sorrera ahalbidetu zutenak eta Carol Atxukarro dira hautagaiak.
Done Pedro Itsas Gizonen Kofradia, Hondarribiko Ikastolaren sorrera ahalbidetu zutenak eta Carol Atxukarro. Hiru hautagai hauek izango dute aurtengo urrezko intsignia eskuratzeko aukera. Aurten, gainera, herritarrek aukeratuko dute nork eramango duen intsignia hori, prozesu parte hartzaile bat abiatu baitu udalak.
Igor Enparan alkatearen arabera, “argi daukagu herritarren parte hartzea ahalduntze sozialerako tresna izanik, biztanleriaren eguneroko bizitzako alderdi askoren bilakaera ona ahalbidetzen duela”. Horregatik, aurten lehen aldiz, Hiriko Urrezko Intsignia nork eramango duen aukeratuko dute herritarrek, prozesu parte hartzaile honen bidez.
Udal gobernuko kideak oso pozik daude emaitzarekin: “Lehen aldia da halako zerbait antolatzen dela, eta egutegia kontuan izanik, oso balantze positibo egiten dugu. 237 herritarrek parte hartu dute 66 kandidaturak proposatzerako orduan. Uste dut zifra polita dela”, erantsi du Enparanek.
Guzti horien artean aipatutako hiru kandidatura horiek aukeratu dituzte, “datozen egunetan berriz ere web orri eta BAZ bidez bozkatuak izan daitezen”.
Hiru hauen artean aukeratu beharko dute hondarribiarrek, gaurtik (hilak 16) hilaren 28ra bitarte hain zuzen. Pertsona bakoitzeko boto bakarra onartuko dute.