Ama Xantalen ermita, bertatik bertara
Ostiralean ateak zabaltzeko jardunaldia egingo dute, Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkartearen egitasmoz. Egun osoz ahalko da bisitatu.
Ostirala (hilak 18), Santa Eguna izanik, ateak zabaltzeko jardunaldia egingo dute Ama Xantalen ermitan. Egun osoz ahalko da bisitatu, 10:00etatik 20:00etara hain zuzen. Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteak antolatu du bisita.
Bertaratzen direnek hiriko ondare historiko eta kulturalaren barruko aztarnategi arkeologiko nagusietako bat ezagutuko dute bertatik bertara. Ermitaren sarrerako erakustegian hasiko dute bisita, eta aldarea eta tenpluko sarrera nagusia lotzen dituen pasarelatik jarraituko dute, aztarna arkeologikoen artetik.
Ostiralekoaz gain, udalak gogorarazi du udako igande guztietan Oiasso Museoak nekropoliaren bisita gidatuak eta Irun Erromatarra Tourra eskaintzen dituela. Hitzordua hartu beharko da aldez aurretik, 943 63 93 53 telefono zenbakira deituta.