Itzulera operazio egunetan garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute
Datozen egunetan Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan zirkulazioak gora egingo duenez, ahal den neurrian ibilgailu pribatua alde batera uzteko eskatu dute Irun eta Hondarribiko udalek.
Datozen egunetan Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan zirkulazioak gora egingo du, udako itzulera operazioa dela eta. Horren harira, Irun eta Hondarribiko Udalek ahal den neurrian garraio publikoa erabiltzeko deia egin diete herritarrei. Ibilgailu pribatua alde batera utzi eta herri barneko joan-etorrietarako edo hurbileko ibilbideetarako garraio publikoa erabiltzeko gomendioa eman dute.
Hala, bihartik (hilak 15) langileak eta baliabide materialak indartuko dituzte eta Irungo ordainlekuan ahalik eta bide gehien jarriko dituzte erabilgarri. Era berean, itzulera operazioaren une kritikoenetan ekintzak koordinatuko dituztee udalek, aldundiak eta Jaurlaritzak, “trafikoaren pilaketak eskualdean sortzen dituen eraginak minimizatu eta irtenbideak bilatzeko” asmoz.