1936an frankistek fusilatutako gazteak omentzeko ekitaldirik ez aurten
Elkarrekin Irunek salatu du aurten ez dela ekitaldi ofizialik egin eta "ahanzturarantz pauso bat ematea" leporatu diote PSE-EEri. "Sozialistak ez dira memoria historikoaren lagunak".
Urtero, abuztuaren 11an hain zuzen, 1936an frankistek fusilatutako 13 laguni omenaldia egiten diete urtero Pikoketan. Aurten, baina, ez da ekitaldirik izan, Elkarrekin Irunek salatu berri duenez.
Hedabideei bidalitako ohar bat probestu dute udalbatzari leporatzeko “ahanzturarantz pauso bat” eman dutela eta hori “onartezina” dela esan dute, amorruz. Justizia eta askatasuna bezalako baloreak defendatzeko konpromisorik ez hartzea leporatu diote PSE-EEri. “Frankisten oinordekoek eta garai horietara itzuli nahi dutenek aurrera egin dutenez, frankismoaren biktimen oroimena bizirik mantenduko duten ekintzak ezinbestekoak dira herrialdeko hiri honetan eta guztietan. Sozialistak ez dira memoria historikoaren lagunak”, salatu dute taldekoek.
Bide batez, Memoria Historikoaren Bulegoa koalizioari esker martxan jarri zela gogorarazi diete sozialistei, eta horri esker “aurrerapen ugari” lortu dituztela.
1936ko abuzturen 11n fusilatu zituzten 13 lagunak Pikoketako baserriaren inguruan. Ondorengoak dira fusilatutako gazteak: Mertxe Lopez Cotarelo (17 urte), Pilar Valles Vicuña (17 urte), Jose Maria Arruti Idiakez (18 urte), Victor Genua Montiano (25 urte), Jesus Lopez Casado (26 urte), Agapito Dominguez Taguada (23 urte), Bernardo Usabiaga Jauregui (18 urte), Manuel Justo Alberdi (22 urte), Vicente Argote (47 urte), Agustin Miguel Bermejo (39 urte), Felix Luz Etxeberria (27 urte), Angel Braña Lopez (27 urte) eta Miguel Jacinto Lopez Martinez (49 urte).