Hilaren 17tik 19ra ospatuko dituzte Xantalen jaiak
Hiru eguneko egitaraua prestatu du Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteak. Txapelaundi Saria Fernando Jimenez Baztan apaizari emango diote.
Hemen dira Irungo Alde Zaharreko jaiak. Xantalen jaiak datorren ostegunean hasi eta larunbateko egun handiarekin bukatuko dira. Egun horretan egingo dute auzoko jaietako danborrada, eta X. Txapelaundi Saria ere banatuko dute.
Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarte antolatzailetik auzokideak gonbidatu dituzte danborradan parte hartzera, edo Jeiki Adi Taldearekin batera ikuzle eta garbitzaileen soineko eta jantziak eramatera. Kalejirako doinuak ikasteko entseguak igandean, hilak 13, 16:00etan eta hilaren 16an, asteazkena, 19:00etan izango dira, Elkartearen lokalean (Jesus 9).
X. Txapelaundi Saria
2014. urteaz geroztik, Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteak Txapelaundi Sariaren bidez aitortzen ditu auzoaren sustapenean, hobekuntzan eta garapenean esanahia izan duten pertsonak.
Aurten, prozesu parte hartzaile bat egin ondoren, eta hainbat auzotarrek proposatuta, Zuzendaritza Batzordeak aho batez erabaki du saritua Fernando Jimenez Baztan (Donostia, 1945) izatea, “auzoarekin duen loturagatik, 2009az geroztik parrokia eta auzotarrak zaintzeagatik… eta, gainera, 50 urtez apaiz izanagatik”.
- Hilak 17, osteguna
- 20:00. Irun Hiria Musika Bandaren kontzertua, Urdanibia plazan
- Hilak 18, ostirala
- 10:00-18:00. Ermita zabalik egongo da, doan bisitatu ahal izateko.
- Hilak 19, larunbata
- 08:30. Diana, auzoko txoko ezberdinetan, Esteban Velasco Bernalek auzorako konposatutako doinuekin.
- 10:00. Xantalen baseliza zabalik egongo da ordu horretatik aurrera doan bisitatzeko.
- 11:00. Auzoko hildakoen omenezko meza, Atzokoak abesbatzaren ahotsez lagunduta.
- 12:00. Ermitako plazatxoan X. Txapelaundi Saria banatuko da eta ondoren aperitibo bat eskainiko da. Ekitaldia eta aperitiboa Atzokoak Abesbatzarekin eta Irungo Txistulari Taldearekin batera egingo dira.
- 19:00. Danborrada, Xantalen ermitatik abiatuz. Ibilbidea: Ermita, Santa Elena, Dolores Salis, Xantalen Egoitza, Virgen Milagrosa, Eguzkitzalde, Urdanibia, Kontrakalea, Trabesia, Larretxipi, Sarjia, San Martzial, Eliza, Berrotaran, Foru, Legia, Nagusia, San Juan, San Martzial, Larretxipi eta Jesus 9 (Elkartearen egoitza).