Irundarrek euren gaitasun digitalak hobetzeko aukera izango dute
'D Belaunaldia' autobusak geldialdia egingo du Irungo Urdanibia plazan hiru egunez. Datorren asteazkenean helduko da.
Datorren asteazkenean, hilak 16, D Belaunaldia autobusak geldialdia egingo du Irungo Urdanibia plazan. Ibilgailu hori kanpaina ibiltari bat ari da barreiatzen lau haizetara, digitalizazioa sustatzea eta arrakala digitala txikitzea helburu duena.
Autobusa ostiralera arte egongo da hirian. Horrela, hiru egunez izango dute aukera herritarrek zenbait jarduera didaktikoren bidez euren abilezia digitalak hobetzeko. Kolektibo zaurgarrienei egin die bereziki udalak dei: “Adinekoek, langabeek, pobrezia edo bazterketa arriskuan daudenek… beren gaitasun digitalak hobetu ahalko dituzte, gutxi gorabehera ordubete iraungo duten doako tailer batzuen bitartez”.
Profesional talde batek gidatuko ditu jarduera horiek, publikoaren gaitasunen arabera. “Esperientziak guztiz pertsonalizatuko dituzte”, ohartarazi dute, “erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokituta”. Gehienez ere hogei lagunek parte hartu ahalko dute jarduera bakoitzean, eta, horrexegatik, komeni da interesdunek tokia erreserbatzea. Horretarako, 900 10 14 93 telefono zenbakira deitu behar da, edo helbide elektronikora idatzi.
Ordutegiak
Autobusa ekainaren 21ean hasi zen Gipuzkoan zeharkatzen, Bergara abiapuntu. Hilaren 26an bukatuko du ibilbidea, Donostian. Esan bezala, Irunen, autobusa Urdanibia plazan egongo da, hilaren 16tik 18ra bitartean, ordutegi hauekin:
- Hilak 16, asteazkena: 12:00-14:00 eta 15:30-20:30.
- Hilak 17, osteguna: 12:00-14:00 eta 15:30-20:30.
- Hilak 18, ostirala: 10:00-13:30.