Zestalariek berriro hartuko dute Jostaldi pilotalekua. Bi partidako menua marmitako dastaketarekin lagunduko dute.
Ostiral honetan, zesta puntarena izango da berriro Hondarribiko Jostaldi frontoia. 20:00etatik aurrera zabalduko da dastaketa, bi partidako menuarekin. Hori bakarrik ez, marmitako dastaketa ere eskainiko dute pilotalekuan.
Emanaldia HPE Txapelketarekin abiatuko da, Zuloaga-Laborde eta Laloo-Sallaberryren arteko buruz burukoarekin. Horren segidan Grand Slameko norgehiagoka bat izango da. Zehazki, B taldeko partida, Erik-Lopez eta Basterra-Bailo protagonista izango dituena.
Julen Basterra hondarribiarrak Barandika ordezkatuko du norgehiagoka horretan, azken zestalaria larri zauritu baitzen uztailaren 29an izandako azken partidan.
Datorren asteko ostiralean, hilak 18, eta hurrengoan, hilak 25, bukatuko dira Hondarribiko Grand Slamaren ligaxkak, Jai Alai World Tourraren aterkipean. Finalaurrekoak irailaren 2an lehiatuko dituzte, eta final handia, berriz, irailaren 16an izango da.