Bildumazaletasunaren XVI. Azoka, larunbatean, Zabaltza plazan
10:00etatik aurrera izango dira zabalik postuak. Jazzaren erritmoak akonpainatuko ditu bisitariak, Olana Lissen kontzertuari esker.
Larunbat honetan, hilak 12, Bildumazaleen azoka, Irungo Zabaltza plazan. Dozena bat erakusketari bilduko dira bertan, eta milaka pieza esklusibo deskubritzeko aukera emango die bertakoei zein bisitariei.
Irungo Udalak, Josema Martinez bildumazale eta Centro Musical Irunes zenaren jabearekin elkarlanean, antolatu du Bildumazaletasunaren XVI. Azoka. 10:00etatik 21:00etara bitarte, bertaratzen direnek historiaz betetako askotariko objektu berdingabe eta esklusiboak deskubritu ahalko dituzte, zuzen-zuzenean: postalak, liburu eta aldizkariak, diskoak, filmak, zigiluak, kamera analogikoak…
Hiri Bultzadako ordezkari Miguel Angel Paezek adierazi duenez, Irunen ez da aspertzeko denborarik: “Astero, hiriko kultur eskaintza eta aisialdikoa berritu, eta proposamen erakargarriak egiten ditugu; oraingoan, Bildumazaletasunaren azoka. Asteburu honetan, berriro egingo dugu, estilo, garai eta jatorri desberdinetako milaka objektu bilduta, handi eta txikien harrigarri”.
Jazzaren erritmoan
Azokaren barruan, aurten, berriro ere, musika emanaldiak izango dira. Aurreko edizioetan, pandemiaren ondoriozko murrizketak zirela-eta, bertan behera utzi behar izan ziren; baina bueltan dira. Olana Liss artista estremadurarrak jazz kontzertu bat emango du, bertsioak eta bere abesti propioak konbinatuta, 19:00etatik aurrera, Zabaltza plazan bertan.