[Bideoa] Arma Plaza fundazioak laugarren koadernoa osatu du
Jose Etxenagusia margolariari eskaini diote liburuxka. Bere belaunaldiko artista gipuzkoarren artean nazioarteko proiekzio handiena izan zuen.
Ezagutu zure hiria bildumako laugarren koadernoa Jose Etxenagusia margolari hondarribiarraren ibilbideari eman dio Arma Plaza fundazioak. Montserrat Fornells Aneglats da egilea.
Fornells Artearen Historian lizentziaduna da Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta doktorea da Artearen Historian Euskal Herriko Unibertsitatean. Gainera, museologoa eta arte kritikaria da Florentziako Unibertsitatean, Italian. XIX. eta XX. mende bitarteko margolariei buruzko liburu kopuru handia argitaratu du, eta garai hartako artista gipuzkoar asko berreskuratu ditu ahanzturatik haien biografia berreraikiz eta beren artelanen katalogoa osatuz.
Etxenagusiaren pinturak errealismoa eta XIX. mende amaierako errealismoa uztartzen zituen. Hondarribian ondu zuen margolan bakarra, La subida al Calvario, Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren parrokiako sakristian dago ikusgai. Horrez gain, egilearen sinadura Aste Santuko prozesioetan erromatar legionarioek janzten dituzten trajeen diseinuaren atzean ere topa daiteke.
Jose Etxenagusia
Jose Etxenagusia Hondarribian jaio zen 1844an, eta Erroman hil 1912an. izan zen nabarmenetako bat. Montserrat Fornellsen aburuz, bere belaunaldiko gipuzkoar margolarien artean, “zalantzarik gabe” Etxenagusia izan zen nazioartean proiekzio handiena izan zuena, ez bakarrik Erroman irakasle eta galerista gisa jardun zuelako, baita Espainian, Europan eta Ipar Amerikan aintzatespen eta arrakasta handiak jaso zituelako ere.
Etxenagusiak funtsezko rola bete zuen Erromako mundu artistikoan, baina estu lotuta jarraitu zuen bere lurrarekin, eta tokiko lehiaketetan parte hartu zuen, Hondarribiko Jasokundeko Elizan pintatuz eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiak apaintzeko lanetan esku hartuz.
Koadernoak
Dibulgazio izaera du Ezagutu zure hiria koaderno bildumak. Dokumentu irakurterrazak direla ziurtatu dute udaletik, eta modu autonomoan egin daitekeen ikustaldi baten ibilbidea jasotzen duen plano orokor batean dute amaiera.
Euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri argitalpena. Arma Plazaren Kultur eta Turismo Informazio Gunean lor daiteke, edo online, webgunearen bidez. Era berean, formatu digitalean eta dohainik deskargatu daiteke Arma Plazaren webgunean, eta paperezko euskarrian eskura daiteke 5 euroren truke.
Hauexek dira orain arte argitaratutako koadernoak: Ontzi eraikuntza 1833-2002; Bunkerrak. Hormigoia eta altzairua; Iribarren eta Hondarribiko barra; eta Jose Etxenagusia, ezezagun ospetsua.