[Argazkiak] Emekiren XXIX. Margo Lehiaketak baditu irabazleak
Federico Plasencia, Jose Luis Lopez eta Fernando Ureta izan dira, hurrenez hurren, lehen hiruak. Accesit saria, Esteban Orozentzat.
Emeki elkarteak 1994tik antolatzen duen Kaleko Margo Lehiaketak bere XXIX. edizioa bete zuen atzo. Parte hartu zuten 23 artistek beren artelanetan Hondarribiko txoko ezberdinak islatzeko aukera izan dute baita aurten ere.
Jatorri askotariko artistek eman zuten izena atzoko lehiaketan: Hondarribia, Paris, Bergara, Caceres, Portugalete, Irun, Murtzia, Castellon de la Plana, Donostia… Goizeko 09:00etatik arratsaldeko 17:00ak arte aukera izan zuten artistek margolanak egiteko.
17:00etatik 18:00etara bitartean margolanak Gipuzkoa plazara iristen hasi ziren. Bertan, bost lagunek osaturiko epaimahaia zuten zain. Marijo Noain, Sara Otaño, Julia Lasa, Rakel Salinas eta Javier Sagarzazuk osatu zuten mahai hori.
Bereziki zaila izan zaie aurten adituei irabazleak hautatzea. Hain da horrela, non berdinketa egon zen puntuetan. Hori horrela, saridunen zerrenda behin-betikoa osatu ahal izateko beste edizioetan baino denbora gehiago behar izan zuen boskoteak. Azkenean, baina, adostasuna lortu zuten epaileek. Horra epaitza:
- ACCESIT. Atrezzo dendako enmarkazio bat eta Done Pedro Arrantzale Kofradiako produktuen saskia.
- Irabazlea: Esteban Oroz (Eibar), Maddi Etxebestek eman zion saria, Palacete Hoteleko gerentea.
- 3. SARIA. 500 euro, eta Done Pedro Arrantzale Kofradiako produktuen saskia.
- Irabazlea: Fernando Ureta (Artziniega), Nekane Alkainek eman zion saria, Mendelu Auzo Elkartearen izenean.
- 2. SARIA. 700 euro, eta Done Pedro Arrantzale Kofradiako produktuen saskia.
- Irabazlea: Jose Luis Lopez (Portugalete). Hondarribiko Udalaren izenean, Estitxu Urtizberea zinegotziak eman zion saria.
- 1. SARIA. 1.000 euro, eta Done Pedro Arrantzale Kofradiako produktuen saskia.
- Irabazlea: Federico Plasencia (Caceres). Emekiko lehendakari Tamara Sastrek eman zion saria.
Urtero artelan ederrak eta kalitate handikoak aurkezten dituzte Emekiren lehiaketara, eta aurten ere horrela izan da. “Artelanen maila geroz eta handiagoa da”, ziurtatu dute elkartekoek, “pieza txiki eta handiak aurkeztu dira eta lan ikusgarriak egin dituzte artistek”. Aurten, gainera, estreinakoz, euskarri zirkularrean egindako artelana aurkeztu du artista batek.
18:00etatik 20:00etara margolanen erakusketa egin zen, eta bisitari ugari hurbildu ziren Gipuzkoa plazara horiek ikustera. Emekitik eskerrak eman dizkiete antolaketa lanetan ibili diren boluntario guztiei, bai eta margolariei, epaileei eta kolaboratzaileei “Eta, nola ez”, bukatu dute, “ekitaldira hurbildu zareten guztioi, bihotzez mila esker”. Datorren urtean lehiaketak 30 urte beteko ditu, eta edizio berezia prestatuko dutela aurreratu dute.