Banderarik gabeko arraun asteburua
Indarrak hartzeko baliatu beharko dituzte asteburuko estropadak etxeko traineruek. Arraun panoramaren errepasoa egin du HITZAk.
Arraun kategoria guztietako lau bandera izan dira jokoan asteburu honetan. Bina estropada izan dituzte Ama Guadalupeko Eusko Labeleko eta Euskotreneko arraunlariek, eta bakarra KAE1ekoek. Horietako batek ere ez du lortu hirugarren postutik gorago bukatzerik.
Eusko Label Liga
Gizonezkoen arraun kategoria nagusian, larunbat nahiz igandean uretaratu dute traineru berdea, lehenengo etxean, Hondarribiko XXXVI. Bandera – Mapfre Sari Nagusiaren bila, eta atzo Lekeition, XXXVIII. El Correo Ikurriñaren bila. Batean nahiz bestean, ez dute banderarik poltsikoratu ahal izan.
Larunbatekoan 10 puntu poltsikoratu zituzten, hirugarren eginda, Urdaibai eta Zierbenaren atzetik, hurrenez hurren. Igandean, postu bat beherago, Urdaibai, Donostiarra eta Zierbenaren atzetik.
Gauzak horrela, bigarren postuari eustea lortu dio Ama Guadalupekoak asteburua pasata, baina Urdaibairekiko tarte laburra —lehenarekiko puntu bakarrera zegoen ostiralean— seikoiztu zaie orain. 123 eta 117 puntu dituzte, hurrenez hurren. Hirugarren Zierbena da, 112rekin.
Euskotren Liga
Hondarribiko emakumeek ere, lehia bikoitza, kokaleku berdinetan. Larunbatean XV Txingudiko Bandera – Balfego Sari Nagusia izan zuten jokoan etxean, eta igandean Lekeition, XII. Euskotren Bandera.
Horiek ere, ez dute banderarik lortu asteburuko estropadetan. Hondarribikoa Donostia Arraun Lagunakek poltsikoratu zuen, eta bosgarren izan ziren etxekoak. Lekeition, berriz, buruzagitza berbera mantendu zuten donostiarrek eta postuan mantendu zen Hondarribia.
Puntu horiek batuta, asteburuko estropadekin ez da aldaketarik izan traineruaren postuan, sailkapen orokorrari dagokionez. Bosgarren da Hondarribia.
KAE1
Igandean Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XVII. Bandera izan zen Hondarribiko uretan, KAE1eko nork eskuratuko zain. Lapurdik egin zuen lehenengo norgehiagoka hori, eta atzetik sailkatu ziren Arkote eta San Pedro. Bederatzigarren izan zen Hondarribia. Postu horretan da ere KAE1eko sailkapen orokorrean Ama Guadalupekoa.