San Pedro kalea, bertako merkataritza sustatzeko erakusleiho
Hilaren 12 eta 13an laugarren udako merkatuak hartuko du lur Hondarribian. Egitarau oparoa prestatu dute asteburua girotzeko.

San Pedro kalea bertako merkatariena izango da hilaren 12 eta 13an —larunbata eta igandea, hurrenez hurren—. Bi egun horietarako udako merkatua antolatu dute, eta egun osoko egitarauak prestatu dituzte ingurua girotzeko.
Bertako merkataritzari aintzatespena egitea da xede nagusia. Gaur egin dute ‘Udako Merkatua – Hondarribia Summer Market’ bezala izendatu izan dutenaren laugarren edizioaren aurkezpena, San Pedro kalean bertan. Han izan da Igor Enparan alkatea, hainbat zinegotzi eta merkatuan parte hartuko duten zenbait dendarirekin batera.
Udalak eta Amuitz Merkatarien Elkarteak elkarlanean antolaturiko iniziatibari buruz mintzatu da Enpran: “Herriko merkatariek beren produktuak kalera ateratzeko aukera edukiko dute. Herriko merkatari txikien sustapena bilatzen da, eta inguruan antolatuko diren ekimenek herria pizten lagunduko dute, giro interesgarria sortuko delarik”.
18.000 euroko aurrekontua izan du asteburuko azokak. Unean kontsumitzeaz aparte, bonu batzuk ere sortu dituzte antolatzaileek, herritarrek euren ekarpena egin eta, trukean, “udalaren eskerrona itzultzeko asmoz”, alkateak esan duenez.
Maria Carrera Amuitzeko presidenteak gonbidapen zabala egin du: “Animatu nahi ditugu bai herritarrak baita bisitariak ere merkatuan parte hartzera, dendari eta artisauek produktu bereziak prestatu ditugulako. Aukera ederra da herriko merkatari eta produktuak ezagutzeko. Aurreko esperientziak oso onak izan dira eta espero dugu aurtengoa ere hala izatea”.
Horra egitaraua:
- Abuztuak 12 larunbata
- 11:00. Merkatuaren irekitzea
- 12:00. Haurrentzako tailerra: ‘Tutti frutti girlanda’ Sormen tailerra 5-11 urte bitarteko haurrentzat
- 13:00. Bertako produktuen dastaketa Done Pedrorekin
- 17:00. Haurrentzako tailerra: ‘Karramarro koloretsuak’ Sormen tailerra 5-11 urte bitarteko haurrentzat
- 20:00. Sari eta oparien zozketa
- 22:00. Merkatuaren itxiera
- Abuztuak 13 igandea
- 11:00. Merkatuaren irekitzea
- 12:00. Haurrentzako tailerra: ‘Mural pintaketa’ Sormen tailerra 5-11 urte bitarteko haurrentzat
- 13:00. Bertako bermut dastaketa Vermukarekin
- 13:00. Zuzeneko musika: Aria
- 19:00. Sari eta oparien zozketa
- 20:00. Merkatuaren itxiera