"EAJrekiko mesfidantza sortzea" egotzi diote jeltzaleek Abotsanitzi
Kirolzer enpresak Hondarribia Lantzenen partetik jasotako "gehiegizko kalte ordainari" buruzko azalpenak eman ditu oposizioko alderdiak.
Orain dela bi aste Hondarribiko Udalak jakinarazi zuen, 2022 urteko legezkotasun auditoretza txostenaren arabera, Hondartza kiroldegia eta Jostaldi kudeatzen dituen Kirolzer enpresak 222.000 eurotik gorako gehiegizko kalte ordaina jaso zuela. Legez zegokiona baino nabarmen gehiago, beraz.
Informazio hori zuzeneko erasotzat jaso dute jeltzaleek, aurreko legegintzaldian gobernari izanagatik eurek onetsi baitzuten aipaturiko konpentsazioa emateko erabakia. Alegia, pandemiaren testuinguruan, Hondarribia Lantzen sozietate publikoak 978.223 euroko kalte ordaina eman zion Kirolzer enpresari, birusak eragindako galerak baretzeko. Erabaki hori ikuskatu zuena EAJ izan zenez gero, azalpen xeheak eman ditu alderdi jeltzaleak.
Oposizioko alderdiak argitu du Hondarribia Lantzen eta Kirolzer enpresen arteko oreka ekonomikoaren kalkulua kanpoko txosten juridiko eta ekonomiko independenteetan oinarritu zela. Hain zuzen, Landaberea & Abogados erakundearen txosten juridikoa eta LKS Financial Solutions & Corporate erakunderen txosten ekonomiko-finantzarioak izan zituzten oinarri.
Dokumentu horiei esker ondorioztatu zuten, batetik, ikuspuntu juridikotik, diru bidezko konpentsazioa egin beharra zegoela, eta bestalde, ikuspegi ekonomiko-finantzariotik, ordaindu beharreko zenbatekoa zehaztu zuten. Hain zuzen, 978.223 euroko kalte ordaina.
Jeltzaleek nabarmendu dute, beraz, diru kantitate hori kanpoko bi txosten profesional independentek zehaztu zutela, eta ez orduko gobernuak. Horregatik, egungo gobernari Abotsanitzi egotzi diote “oposizioan erakutsiriko estilo berberari eustea: informazio garrantzitsua ezkutatzeagatik eta partzialki informatzeagatik, EAJrekiko mesfidantza sortzea”.
Marra gorria
EAJk ziurtatu du “ehun eguneko errespetuari” eutsi diola udal gobernuarekiko, baina “marra gorri batzuk” gaindiezinak direla uste dute. “Nahita egindako desitxuratzetzat” jo dute Abotsanitzen informazioa, eta herri batzarrari eskatu diote hirian “pilatzen” ari zaizkion arazoak kudeatzen hasteko.
“Gobernu berrian agertzen diren akatsak ezin dira estali besteak seinalatuz eta erantzukizunak zentrifugatuz”, salatu dute. “Gobernatzeak erabakiak hartzea eta ondorioak onartzea eskatzen du. Partekatutako erabakiak oso aberasgarriak izan daitezke, betiere erantzukizunak hartu behar izatea saihesteko ez badira”.