Dena prest Hondarribiko Master Series finalerako
Etxeberri-Betelu bikoteak irabazi du finalerako bigarren txartela. Parez pare izango dituzte Basterra eta Ibarluzea ostiralean.
Ostiral arratsaldean hartu zuen Hondarribiko Jostaldi pilotalekuak udarako bigarren zesta punta jaialdia. HPE Txapelketako norgehiagokek abiarazi zuten jardunaldia, hondarribiar harrobiko gazteen ordezkaritzarekin, eta Master Series lehiaketako bigarren finalaurrekoa izan zen jokoan ondoren.
Etxeberri eta Betelu 2-1 nagusitu ziren Goitia eta Atainen aurka; hala, lehen bikotea izan zen finalerako bigarren txartelaren irabazlea. Azken lehia hori datorren ostiralean, hilak 4, lehiatuko da pilotaleku berdinean. Etxeberri-Betelu bikoteak parez pare izango ditu Basterra eta Ibarluzea, horiek izan baitziren lehen finalaurrekoaren irabazle.
Hala nahi duenak, egun horretan aukera izango du Master Series finalaz gozatu ez ezik, Grand Slamaren hasieraren testigu izateko ere. A taldeko Goikoetxea-Zabala eta Aaron-Del Rio izango dira abiadako partida horretan erakustaldia eskainiko dutenak.