[Erreportajea] Adintzearen pairamenik gordinena
Bakardadea eta ikusezintasuna. Horiek dira adinekoen artean gehien errepikatzen diren gaitzak, bereziki 80 urtetik gorako emakumeengan. Ez direla iragana, oraina baizik, aldarrikatzen dihardute Adinkiderekin.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 55 urtetik gorako lau pertsonatik bat bakarrik sentitzen da, Matia Institutuak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin iaz egindako ikerketaren arabera. Inkestatutako 3.000 pertsonen artean, laurdena bakarrik bizi da, eta kopuru hori are handiagoa da emakumeen eta 80 urtetik gorako biztanleen artean. Galdetegia erantzun zutenen %10ak, gainera, aitortu zuen ez duela hilean inolako kontakturik senide, lagun, edota bestelakoekin.
Bereziki zaurgarri gisa identifikaturiko populazio sektore horretan kokatzen da Mari Fernandez Dominguez trintxerpetarra. 83 urte beteko ditu aurten eta bakarrik bizi da —noizik behin harenera bertaratzen den emakume baten laguntzarekin—. Lau seme-alaba, biloba eta askotariko tailerren artean agenda gainezka izan ohi badu ere, bakarrik sentitzen da hura ere. Bereziki, senarra zendu zenetik. «Orain, geroz eta gutxiago», aitortu du, «baina hasieran, nire senarra hil zenean, korrika sartzen nintzen logelan. Atea berehala itxi eta telebista pizten nuen, etxeko isiltasuna ez entzuteko. Ahotsen baten konpainia sentitzeko».
Adinkide irabazi asmorik gabeko erakundeak Pasaian dituen tailer eta programa ia guztietan dago murgilduta trintxerpetarra. Kakorratz taldea, irakurketa tailerra, antzerkia… «Batean edo bestean, beti esertzen gara biribilean. Guretzako hori funtsezkoa da, horrela ahots guztiak entzun eta begirada guztiak ikusten baitira», azaldu du programako kide Blanca Caballero Lasherasek. Artearen bidez, edo horren aitzakiapean, adineko pertsonen arteko bizilagun sareak berraktibatzeko lan egiten du Adinkidek. «Asmoa da kalitatezko harreman afektiboak sortzea, bizilagun sareak berraktibatzea, eta konfiantzazko giroak eratzea».
Barrenak askatzeko espazioa topatu du Fernandezek programa horren aterkipean. «Lehen, ez nuen sekula gehien gustatzen zitzaidan horri buruz hitz egiten». Lotsa ematen zion. «Beti gustatu izan zait izugarri musika klasikoa. Gogoan dut bitan soilik entzunak nituela doinu horiek telebistan, eta ordurako banekien zoratzen nindutela; bedeinkazio bat iruditzen zitzaizkidan doinu horiek». Baina ez zen ausartzen miresmen hori inguruko inorekin partekatzera, eta beretzako soilik gorde izan zuen urte luzez. «Etxeko guztiak ohera zihoazenean ni egongelan gelditzen nintzen. Mahaiaren azpian ezkutatu, manta bat gainean jarri, eta irratia pizten nuen musika berezia entzuteko. Baina, jakina, hori ez nion inori kontatzen; lotsa ematen zidan».
Haurtzaroko lagunak galdu zituen ezkondu zenerako Fernandezek
Urteekin, ordea, ikasi du ziurtasun gabezia horiek bazter utzi eta zaletasun ezkutukoenak estalgabetzen. Horretarako espazio seguruak ere topatu dituelako, jakina. «Eta edonori esango nioke kanporantz ateratzeko barrukoa! Ez uzteko gordeta nik egiten nuen bezala, egin daitekeen okerrena baita hori. Nik ez nuen hitz egiten gehien gustatzen zitzaidan horri buruz, eta denborarekin ikasi dut zein garrantzitsua den besteengana irekitzea, partekatzea». Afizio antzekoak dituzten bizilagunak topatu izanak lagundu dio askatzen.
Adiskidetasunaren lurruntzea
1942an, gerraostearen errautsetan, jaio zen Fernandez, eta haurtzaroko oroitzapen gogorrak baditu ere, gozoak ditu oroimen gehientsuenak. «Hiru anai-arreba ohe berdinean. Hala ere ikasi genuen zoriontsu izaten!». Etxetik kanpoko bizipenak ditu kuttunenak, lagunartekoak. «Baina, ezkondu nintzenean, jada ez nuen lagunik». Gaur egun, klasekide eta lagun izandako horiekin kalean topatzean gustatuko litzaioke bizitakoaz mintzatzea: «Esatea, ‘gogoan duzu zein ongi pasatzen genuen jolasgaraietan? Eta kikarra egiten genuenean?’. Tripako mina genuela esan eta alde egiten genuen».
Bestelakoa da, ordea, errealitatea: «Hainbeste bizi izan dugu elkarrekin! Eta orain, justu-justu esaten diogu agur elkarri kalean». Bihozminez mintzatu da. «Pena handia ematen dit sentitzeak hain ederra izan zen hura gogoan ez dutela. Gustatuko litzaidake ez hori bakarrik, baizik eta sufritu genuen guztia, min hura, partekatzea. Sufrimendu horrek ere batu baikintuen».
Sinetsita dago badela bere belaunaldikoen artean partekatutako izu bat: «Askok beldurra dute aitortzeko zeinen gaizki pasa izan dugun txikitan. Eta nik uste dut hitz egin beharra dagoela horretaz. Gaizki pasa genuen, jakina, ez genuen jateko askorik, ezta janztekorik ere, eta hori aitortu beharra dago. Gerra baten ondoren hori guztia dator, itoaldia; baina biziraun genuen, eta elkartasun bat sortu zen hor».
Jendartean, ikusezin
Askotariko bizilagunek egiten dute bat Adinkiden, baina bada zerbait, bereziki 65 urtetik gorako emakumeen taldeetan, gehiengo batek partekatzen duena: ikusezin sentitzearen sentsazioa. Caballero: «Askotan entzun dut elkargune horietan sentitzen dutela kaletik dabiltzanean inork ez diela begiratzen. Axolagabetasun eta ikusezintasuna sentitzen dute. ‘Inork ez nau ikusten’, diote».
Eta ez auzoko kaleetan bakarrik. Pantailetan, egunero kontsumitzen duten edukian, adinekorik existitzen ez denaren sentsazioa ere badute askok: «Ez dago komunikabideetan adineko pertsonen errepresentaziorik, eta are gutxiago horien protagonismorik». Guztiz ere adineko emakumeen aurka ematen da aipu-galtze hori. «Oraindik ikus baititzakegu goitik beherako jaunak, adineko baino adinekoagoak, albistegiak-eta gidatuz». Eta hori ez zaio inori bereziki deigarri egiten, 65 urtetik gorako populazioan nabarmen gehiago badira ere emakumeak, gizonezkoekin alderatuta.
Arte bidezko adierazpenei esker maila berean parte har dezakete denek
Horregatik da funtsezkoa kaleak hartzea. «Ni prest aurpegia emateko», esan du adoretsu Fernandezek. Aurtengo Trintxerpeko Karmengo Amaren Jaietan txupinera izan da bera kakorratz taldeko beste bi kiderekin batera, eta erronka handia izan zaio hari, aurretik sekula ez baitzuen parte hartu bere herriko jaietan. «Jaungoiko maitea! Hori bekatua zen. Gainera, nire senarrari ez zitzaizkion festak gustatzen. Eta niri, ordea, bai, baina ezin nuen parte hartu». Bestelakoak izan dira aurten trintxerpetarrarentzat bere herriko jaiak. «Oso hunkituta bizi izan ditut. Bizilagunen artean beste bat nintzela sentitu dut».
«Ikusezin bihurtu ditugu, batez ere, adineko emakumeak. Eta haiena den espazioa berreskuratzean datza guzti hau», aldarrikatu du Adinkidekoak. Esaldi topikoa izan badaiteke ere, eguneroko keinu txikiekin bizitza askotan aldaketa handiak sor ditzaketela frogatu dute erretiratutako emakumeek Pasaiako tailer eta antolatutako ekintzen bidez.
«Astean behin elkartze hutsa mundu bat izan daiteke norbaitentzat», Fernandezek. Hark senideen babes sarea badu ere, jakin badakielako halakorik ez duen bizilagun asko direla bere inguruan. «Bizi historia oso gogorrak dituen jendea bada, sekula ez diona bere buruari galdetu zer gustatzen zaion, zer egitea maite duen. Bizia eman dute familia zaintzen eta sekula ez dute eurengan pentsatzeko tarte bat hartu». Eta Caballerok aipaturiko kasu horietan, Fernandezek badaki «zerbaitetarako jantzi eta prestatze hutsa, astean behin bada ere», aldaketa erabakigarria izan daitekeela.
Artrosia du, eta mugatzailea zaio min hori askotan ohetik jaikitzean, baina hala ere jaiki eta badoa tailerretara. Dela kakorratza, irakurketa, antzerkia… Badakielako horrek on egiten diola. «Oso pertsona negatiboa naiz, eta positibotasuna kutsatzen didate bertan».
«Horregatik ahalegintzen gara hitzez gaindiko adierazpen moduak erabiltzen», zehaztu du Caballerok, «horrela, hizkuntza menderatzen ez dutenek, edo hitzezko trebetasunik ez dutenek, artearen bitartez, besteen maila berean parte har dezakete. Eta urte luzez debekatua izan zaiena azaleratzen joan daitezke».