[Erreportajea] Indarrez ezarri zuten ikur arrotza
40 urte beteko dira gaur banderen gerrak eztanda egin zuenetik Errenteria-Oreretan. Espainiako Poliziak udaletxea eta herria hartu zituen inposatutako ikurra «babesteko», dozenaka lagun zaurituz.
Beldurra. Borra kolpeak, pilotakadak eta tentsio etengabea ditu gogoan Txelo Berra oreretarrak 1983ko uztailaren 21era begira jarrita. Gaurko 19:00etan berrogei urte beteko dira banderen gerraren testuinguruan Errenteria-Oreretako jaiak bertan behera uztea ekarri zuten gertakari larrietatik. Hamarnaka zauritu, eta indar polizialek bost egunez erabat okupatutako herria. Beldurrak, ordea, ez zuen saihestu herritarrak kalera atera eta ikurrinaren aldeko defentsa egin zezaten, nahiz eta manifestazioak behin eta berriz sakabanatu zituzten kolpeka eta pilotakadaka.
Hemezortzi urte zituen Berrak. Sentsazioez mintzo da, eta bat garaitzen dela dio, «beldurra». Santxoenea kalean zen bera txupinazoaren unean: «Herrian giro arraroa nabarmena zen, polizia furgonetekin betea zegoen». Bat-batean jendea korrika hasi zela dio: «Herriko Plaza lepo zegoen, polizia kargak hasi ziren gero, eta denok ahal genuen bezala ateratzen saiatu ginen».
Joxean Izquierdo Trosko ere txupinazoan zen, Herriko Plazan bera. Gazte Taldeko kidea zen, eta txupinazo alternatiboa prestatuta bazuten ere, bertan behera utzi zutela aitortu du: «Egiten genuen guztiaren antzera, umoretik antolatu genuen. Giroa oso nahasia zela ohartu ginen goiz partetik, susmo txarra hartu genion. Madalenen bueltan hainbat ekitaldi egiten genituen, eta egun horretan aldizkaria banatzen aritu ginen goizean». Jon Arretxe zenak bota behar zuen txupinazo alternatiboa udaletxe pareko etxeko balkoitik, «bertan behera uztea erabaki genuen».
Liskarra hasi zen momentua, jendeak Herriko Plazan ziren kalez jantzitako poliziak identifikatu eta horiek jendearen kontra gogor oldartu ziren unea oso gogoan du Troskok. «60 bat polizia ziren, zapia lepoan, eta egunkaria bilduta eskuan; horren barruan ezkutatuta borrak, barrak eta kateak. Horiekin hasi ziren jendea kolpatzen inongo begirunerik gabe, heldu, haur eta gazte». Troskok ez du momentu horren gaineko askoz gehiago gogoratzen, kolpea jaso zuelako buruan eta lagunek atera zutelako plazatik, zorabiatuta: «Gau horretan bertan urgentziazko bilera egin eta jaiak bertan behera utzi zituen jai batzordeak».
Espainiako Polizia Nazionalak bost egun eman zituen udaletxe barruan balkoian inposatuta jarritako Espainiako bandera «babesten». «Oso intentsuak izan ziren bost egunak —dio Troskok—, herria erabat hartuta zuen poliziak. Gogoan dut manifestazioetako bat, Biteri kaletik abiatu zena. Poliziak segada egin eta kristoren triskantza egin zuen». Biteri kaleari erreferentzia egin dio Berrak ere bai: «Polizia sarda sartu zen ero moduan, eta kristoren kaosa sortu zuten, pilotakadak, jendea korrika. Egunero taberna ezberdin batera sartu eta jendea kanpora aterata kolpeka hasten ziren». Biteri kalean bizi zen orduan Berra, eta liskarra zegoenetan etxera iristea «estrategia hutsa» bihurtzen zela aitortu du, «etxera iritsi nintzenean anbulantziez josita zen Biteri kalea, zaurituak ohatiletan, jendea negarrez…». Oso gogoan du jaiak bertan behera uztea erabaki bazen ere, kalea hartzeko deia zabaldua zegoela, «beldurrez, baina kalera ateratzen ginen».
Udaletxe barrutik bizi zuen duela 40 urteko txupinazoa Fernan Bengoetxeak. «Madalenetan buruhandi izateko hartu gintuen udalak. Txupinazoan udaletxe barruan ginen, arropak jantzita kalera ateratzeko txupinak eztanda egin bezain pronto». Ez ziren atera, ez buruhandiz jantzita behintzat.
Udaletxeko arkupetan zeuden kalez jantzitako poliziak, zein heldu berria zen Espainiako Poliziaren konpainiatik babesteko Udaltzaingoak egindako babes kordoi barruan irten behar izan zuten. Giro nahasia nabarmena zela aipatu du hark ere bai: «Guk barrutik ikusi genuen dena. Kalez jantzitako poliziak barrak eta kateak atera eta jendea jipoitzen hasi ziren, eta babes hartzera udaletxe arkupera sartu ziren. Ez zuten inolako disimulurik, harropuzkeriaz aritu ziren txupinazo aurretik ere».
Beldurra aipatu du Bengoetxeak ere bai. «Ate joka hasi ziren kalez jantzitako poliziak udaletxera sartzeko asmoz, baina Udaltzaingoak ezetz esan zien. Ero moduan etorri ziren, edozertarako prest».
Urduritasunez, tristuraz eta amorruz bizi zuen duela 40 urteko madalenen lehen eguna behar zuen hura Arantxa Mitxelenak, «txupinazoa oso berezia zen guretzat, izugarria». Lan egitea egokitu zitzaion eta herritik kanpo zegoen, baina irratiaren bidez jarraitu zuen herrian gertatzen ari zena: «Istiluak zeudela entzun nuen, eta urduri, malkotan hasi nintzen. Lana bukatuta herrira iritsi nintzenean ikaragarria izan zen: pilotakadak, ke potoak, kolpeak, mugida edonon. Gauez eta egunez istiluak, bost egunez, 24 orduan giro erabat gaiztotua izan genuen herrian». Bertan behera utzi zituzten jaiak gertaeren larritasunarengatik, baina herritarrek hainbat ekintza antolatu zituztela du gogoan: «Zizarearena izan zen famatuena. Ilaran jarrita txilibitua jotzen ibiltzen ginen kalez kale, protestan. Poliziak ez zigun uzten multzo handitan joaten. Jende talde bat biltzen zenerako, ero moduan oldartzen ziren, kolpeka eta pilotakadaka sakabana gintezen».
Espainiako banderaren inposizioaren eta Jose Maria Gurrutxaga alkatearen (PSE-EE) aurka, eta ikurrinaren alde protesta ugari egin zituzten. Gogoan du Mitxelenak haietako manifestazio baten aurka Biteri kalean egin zuela poliziak: «Karga ikaragarria egin zuten manifestarien kontra. Gu ez ginen han. Espainiako Polizia korrika hurbiltzen ikusi, eta gu ere korrika ihesi. Foru plazaren inguruan kolpeka hasi zitzaidan polizia, lurrera erori, eta beraietako bat gainera. Anbulantziak gure zain ziren, zauriak kontrolatzeko-eta… Kolpe ugari nituen». Dozenaka zauritu eragin zituen poliziak; larriena, Peio Mindegia hondarribiarra izan zen. Oso distantzia motzera aurpegira ke potea jaurti zion polizia batek, eta ikusmena zuen begi bakarra galdu zuen. Orduz geroztik itsu dago. Hitzak-k 2021eko otsailean elkarrizketatu zuen, Bego Zabala, hura bezala, polizia indarkeriaren biktima izan zen Josu Zabala hondarribiarraren ilobarekin batera. Bertan kontatu zuen Mindegiak hamarkada oso baten ondoren lortu zuela demostratzea polizia indarren biktima izan zela: «1983tik 1993ra Espainiako Auzitegi Nazionalaren eta Espainiako Auzitegi Gorenaren aurka borrokatu behar izan nuen, eta azkenean, arrazoia eman zidaten. Hala ere, estatuko abokatuak indemnizazioa jaso ez nezan eskatu zuen». Mitxelenak ongi oroitzen du, «zaurituen artean Mindegia izan zen larriena».
Kontaketa egoki jaso
1983ko uztailaren 21eko gertakari larriek Errenteria-Orereta markatu zuten zalantzarik ez da. Hala ere, kexu da Mitxelena, uste duelako gertakari horien memoria lantzeko nahikoa ez dela egin: «Uste dut gazte jendeak ez duela gertatu zenaren berri. Gainera, agian normalizatu egin da gaia. 40 urte geroago Espainiako bandera udaletxean dago jarrita, inposatuta».
Iritzi berekoa da Oreretako Ernai. Kontaketa ez dela egoki jaso eta zabaldu sinistuta dago, eta horri begira, hilabeteak daramatza 1983ko ez madalenetan gertatu zena kontatzen sare sozialetan zabaldutako bideoen bidez, baita herriko hainbat hormetan egindako 83-23 pintadekin. 1983an ez ziren jaioak gazte horiek, eta euren belaunaldiarekiko «hutsune handia» eta «transmisio falta» nabarmena sumatu dutelako hasi zutela kanpaina diote, uste baitute «memoria hori eraikitzea eta gaia sozializatzea» ezinbesteko dela: «Zer gertatu zen kontatu dugu, ezin dugulako ahaztu eta gazteengana iritsi behar duelako. Finean, gure gurasoek bizi izan zuten».
Kontaketa osatzeko, garaiko komunikabideetara eta gertaeren lekuko zuzenak izan ziren pertsonengana jo dute testigantza bila. «Espainiako banderaren inposizioak duela 40 urte eragin zuena itzela izan zen, baina gaur egun Espainiako banderak udaletxeko balkoian jarraitzen du, inposatuta», salatu dute. Ikur hori jartzeko aginduaren kontra hasitako bide legal guztiak agortu ondoren, 2014an jarri zuten, berriro ere inposatuta, udaletxeko balkoian. Horren aurretik, udalbatzarrak onartuta, plaka bat jarri zuen udalak eraikinaren sarreran, «inposizioaren aurkako desadostasuna» adierazteko garaian alkate zen Julen Mendozak esan moduan, «Errenteriako herritarren gehiengoaren borondatearen aurkakoa delako».
Inposizio horren aurrean, duela 40 urte eta egun erantzuna oso bestelakoa izan zela azaldu du Ernaik: «1983an erantzun zuzena izan zuen herritarren aldetik, ikur hori ez zutela eurena sentitzen esan zuten. Gaur egun asimilazioa ikusten dugu. Errepresio moldeak ere aldatu dira, ez ditugu duela 40 urteko irudi bortitzak ikusten ezkutuagokoa delako errepresio hori. Horrek, azkenean, errepresio horren aurka lerrotzea zailtzen du, gehiago kostatzen zaigulako identifikatzea herri gisa pairatzen dugun inposizioa». Gazte antolakundea ziur da euskal gaztediaren «desaktibazioa» eman dela, «herrian eta gazteen artean nahikoa zabalduta badago ere diskurtso antiespainolista». Ezinbesteko jo du Ernaik independentziaren aldeko aldarria zabaltzea, «eta Espainiako zein Frantziako estatuen inposizioen aurka borrokatzearen garrantzia nabarmentzea».
1983ko Madalenen harira Gurea Ikurriña aldizkaria argitaratu zuen Herri Batasunak. Horren PDF artxiboa irakurleen eskura jarri du HITZAk, dokumentu historikoa den neurrian. Halaber, erabilitako argazkiak Luis Elberdinek bere artxibokotik utzitakoak eta Gurea Ikurriña aldizkariatik hartutakoak dira. Egin klik hemen, Gurea Ikurriña aldizkariaren artxibo zabaltzeko.