Talaia BHIn «nahiko genukeen mundua» irudikatu dute
Mural bat margotu du Ramon Zabalegik institutuko Hezkidetza taldeko ikasleekin batera. Berdintasunaz, generoaz, estereotipoetaz eta rolaz hausnartu ondoren, mezu baikorra islatu nahi izan dute.
Talaia BHIko ikasleak ikastetxeko areto nagusiko murala margotzen. Argazkia: Ramon Zabalegi Talaia Institutuan Hezkidetza programa dute. Berdintasunaz aritzeko espazioa da, eta 11 urtetik 16ra bitarteko ikasleek zein irakasleek parte hartzen dute. Ikasturtean zehar hainbat ekintza burutzen dituzte. Egin dituztenen artean, mural erraldoia, Ramon Zabalegi artistak egindakoa. Izaskun Urgoiti irakaslearen bidez heldu zitzaion mural parte hartzailea sortzeko proposamena, apirilean.

Lehen bozetoa egin aurretik, muralaren sorkuntzan parte hartu nahi zuten 30 bat ikaslerekin bildu zen Zabalegi, «guztiak neskak» nabarmen du. Edukia aukeratzeko dinamika batzuk prestatu, eta horietan, berdintasunaren, generoaren, estereotipoen eta rolen inguruan hausnartu zuten. Gaia aldez aurretik landuta izateak, halaber, lana «asko erraztu» ziola azaldu du artistak.
Diagnostikoa egin ondoren, muralaren helburua finkatu zuten. «Galdetu nien: zer nahi dugu egin? Egoera salatu, edo nahiko genukeen mundua irudikatu? Bigarrena aukeratu zuten».
«Nahiko genukeen mundua»
Diagnostikoan emakumeek jasaten dituzten inposaketak azaleratu zituzten: «Ilerik eta akatsik gabeko gorputz normatiboak izateko presioa, otzan eta atseginak izateko espektatiba, sentiberatasuna, edota pasibotasuna haien ezaugarri naturaltzat jotzea, besteak beste». Muralean, baina, guztiz kontrakoa irudikatu nahi izan dute. Elkar maite duen hirukote bat da protagonista. «Emakume indartsuak, aktiboak, askotariko gorputzak, arraza ezberdinak, pertsona queer eta ez-binarioak irudikatzea erabaki genuen». Zabalegik, gainera, bere omenaldi propioa egiteko baliatu zuen aukera: Nina Hagen, Claude Chaun eta Joordan Mooney izan ditu inspirazio iturri.
Murala margotzeko 10-12 bat ikasleren laguntza izan zuen, eta bi asteren bueltan bukatu zuen lana. Lau kolore erabili zituzten soilik: horia, arrosa, gorria eta urdina. «Nire joera lanei puntu ilun eta dramatikoa ematea da. Uste nuen ihes egin behar nuela hortik, azkenean, zerbait baikorra islatu nahi genuen». Murala eginda, «ikasketa pertsonala» izan dela onartu du. «Denon parte hartzeak kontrola galtzea ekartzen du. Ariketa interesgarria izan da. Borroka pixka bat izan dut neure buruarekin».

