Hondarribiko Udalaren antolaketa onartu dute
Bozeramaileak, alkateordeak eta Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatu eta Batzorde informatzaile berriak onartu zituzten, besteak beste. Amaieran, 'Piruen' parkeko egoeraz mintzatu ziren ere.
Ekainaren 17an hartu zuen Igor Enparanek alkate makila. Denbora tarte honetan, datozen lau urteetarako udalaren antolaketaren nondik norakoak ondu dituzte. 11 puntuz osaturiko gai zerrenda izan zuten Ez Ohiko Bilkuran. Horietako batzuk, berri emateak izan ziren, bozkatu beharreko puntuak, bestalde, aho batez onetsi zituzten.
Aurrerantzean, udalbatzen maiztasuna aldatu egingo da. “Arintasuna emateko” asmoz, hilean behin bilduko da udalbatza, ostegunetan. Uztail eta abuztuan (hil honetan izan ezik) ez da bilkurarik izango. Soilik, Ez Ohiko Bilkurak deituko dira beharrezkoa deritzotenean.
Udal Talde Politiko berrien eraketaren berri eman ondoren eta bozeramaileak izendatu ondoren, alkate ordeen izendapena egin zuten: Estitxu Urtizberea izango da lehen alkate ordea. Lupe Queiruga bigarrena, Josu Peña hirugarrena eta Ortzi Alonso laugarrena. Alkateak bilkuraren batera bertaratu ezingo balu, azaldutako ordena berean ordezkatuko lukete.
Ekainaren 22an Igor Enparan alkateak sinatu zuen 2.368 dekretuaren arabera, Estitxu Urtizbereak, Lupe Queirugak, Josu Peñak eta Ortzi Alonsok osatuko dute Tokiko Gobernu Batzarra. Alkateak jakinarazi zuenez, hamabostean behin bilduko dira, astelehenetan.
Ondoren, Batzorde informatzaileen sorrera eta horien arduradun politikoak izendatu zituzten. Sei batzorde informatzaile egongo dira, talde politiko ezberdinetako kideek osatuko dutena. Hauteskundeetako emaitzen arabera Abotsanitzek hiru kide izango ditu, EAJk bi kide, eta PSE-EEk eta EH Bilduk bana. Ostegun goizetan bilduko dira batzordeak eta Osoko Bilkura gauzatu baino hamabost egun lehenago biltzeko betebeharra ezarri dute. Gainera, bilerak jendaurrekoak izango dira.
- Udal Kudeaketa batzordea. Igor Enparanek gidatuko du eta Lupe Queiruga izango da ordezkoa.
- Kontu Batzorde Berezia. Igor Enparanek gidatuko du eta Lupe Queiruga izango da ordezkoa.
- Hiri eta antolaketa batzordea. Estitxu Urtizbereak gidatuko du eta Noemi Odriozola (PSE-EE) izango da ordezkoa.
- Osasuna bermatzeko batzordea. Lupe Queirugak gidatuko du eta Koldo Rodriguez (EH Bildu) izango da ordezkoa.
- Nortasuna sendotzeko batzordea. Ortzi Alonsok gidatuko du eta Garoa Lekuona (EH Bildu) izango da ordezkoa.
- Gizarte kohesiorako batzordea. Josu Peñak gidatuko du eta Tamara Sastre izango da ordezkoa.
Eskualdeko, zein udalerriko zenbait organo eta erakundeetan parte hartuko duten udal ordezkariak izendatu zituzten ere. Alkateak, halaber, zenbait eskumen Udal Gobernu Batzarrera transferituko zituela azaldu zuen.
Ordainsariei dagokienez, Igor Enparan alkateak 58.866 euroko ordainsari gordina jasoko du (%20ko murrizketarekin); lehen alkateordeak, Estixu Urtizbereak, 53.017 euroko ordainsaria. Gainontzeko alkateordeek 44.017 eurokoa. Oposizioan dauden taldeei dagokienez, EAJko Gonzalo Carrionek 38.715 euroko ordainsaria jasoko du eta PSE-EEko zein EH Bilduko bozeramaileek (Noemi Odriozolak eta Garoa Lekuonak) 19.357 euro jasoko dituzte. Bestalde, alderdi bakoitzak 1000 euro jasoko ditu hilean, eta zinegotzi bakoitzeko 600 euro. Osoko Bilkurara joateagatik ere ordainsaria jasoko dute (orain artean bezala): 100 euroko dieta, eta batzorde bakoitzeko 40 eurokoa.
Palestinaren ‘odolustea’ salatzeko ekintza
Bilkuraren amaieran, Gonzalo Carrionek (EAJ) Beltxargen edo ‘Piruen’ parkeko urmaelaren egoeraz galdegin zuen. Urak zikin jarraitzen dutela eta horren zergatia azaltzeko eskatu zuen, bai-eta Abotsanitzek “ekimena txalotu zuela” esan eta Gobernu Taldeak “zer pentsatzen duen” esplikatzeko eskatu ere.
Igor Enparanek udalaren ikuspegia eman zuen. Udalari “buruhauste handia” ekarri diola onartu zuen. Margoketaren berri izan zutenean, ur hori itsasora isurtzeko arriskua zegoenez, ur agentziako zein Udaleko Ingurumen saileko teknikariekin bildu zirela azaldu zuen. Hasieran isuri bat gertatu zen, baina ureztatze sistema isterakoan, “isurketa nabarmenik” gertatzea ekidin ahal izan zela esan zuen. Hurrengo pausoa uraren kutsadura “larria den edo ez” jakitea izan zela adierazi zuen. Hasiera batean, Uraren Agentziak ur laginak Castellonera bidaltzeko gomendatu zien. Gobernu Taldeak, baina, gertuko enpresa bat bilatu zuen lan hori egiteko, Irungoa zehazki. Azterketa nahi baino luzeago joan da. Izan ere, joan den astean Irungo jaiak zirela-eta, enpresa itxita egon zela gogorarazi du alkateak. Lehen parametroen emaitzak jaso dituzte jada, eta “badirudi ura ez dela kutsakorra”. Emaitza guztiak gaur jasoko dituztela aurreratu zuen. Kutsadura larria ez bada uraren garbiketa “urmaela garbitzea erraz samarra” izango dela baieztatu zuen. Kutsadura larria bada, ordea, neurri handiagoak hartu beharko direla: “zisternak ustu egin beharko dira eta hiru kamioi beharko dira ura ustutzeko”.
Ondoren, Estitxu Urtizbereak, Abotsanitzen bozeramaile gisa hartu zuen hitza. “Ezagutzen gaituztenek badakite Palestinako kausarekin oso sensibleak garela. Aurretik egin izan ditugu berarekiko solidaritatea aurkezteko mezu eta ekimenak. Oso kezkatuta gaude azkeneko asteetan jasaten ari diren jazarpenarekiko. Eta aste honetan ikusi dugu nola egoerak okerrera egin duen”. Zentzu horretan, barne hausnarketa bat egin dutela azaldu zuen, eta aitortu zuen, “agian ez genuela asmatu komunikatzeko moduan”. Abotsanitzek ekintza egin ez zuela berretsi zuen. Hortaz, moduekin ez, baina mezuarekin bat egiten zutela adierazi zuen. Isuria gertatu zenean kezka handiarekin ikusi zutela kontatu zuen, eta ekintza ez dutela “begi onez ikusten”. Amaitzeko, nabarmendu zuen: “Abotsanitzek ez du inoiz naturaren kontrako ekimenik egin”.