[Argazkiak] Irun eta Hendaiako alkateak: "Zubiaren itxiera absurdoa, lotsagarria eta ulertezina da"
Elkarretaratzea egin dute Etorbidearen zubian gaur, Irun eta Hendaiako auzapezek hala deituta. Zubiaren bi aldeetan bildu dira herritarrak eta erakundeetako ordezkaritza zabala. Irungo Harrera Sareak ere bat egin du, instituzioekin "elkarlanean" aritzeko prest daudelako.
Astelehenean, Frantziako Tourrak Santiago zubia zeharkatu behar zuelako Etorbidearen zubia irekitzeko baimena eman zuen Frantziako gobernuak. Horretarako soilik, hurrengo goizean berriz hesitu baitzuten. Irekieran, Jose Antonio Santano Irungo eta Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak izan ziren bertan.
Asteartean, berriz itxi zutenean, erabaki hori deitoratu egin zuten bi alkateek: “Ez dugu ulertzen erabakia. Bidasoaren gaineko muga horretan gertatzen ari dena XXI. mendeko Europan zentzurik ez duen anomalia bat da, eta ez dugu inolako justifikaziorik ikusten pertsonen joan-etorria eragozten jarraitzeko, areago 500 kilometro luze den mugan horrelako beste kasurik ez dagoenean”.
Eskaera asko izan dira bi udalerrietako alkateak egindakoak zubia berriz irekitzeko eskatuz. “Onartezina da egin dutena; izan ere, bi urtetik gora itxita eduki ondoren, astelehenean ireki egin zuten, eta asteartean, berriz itxi dute erantzuteko batere astirik eman gabe”.
Zubia berriz itxi zutenez, elkarretaratzea deitu zuten bi herriko etxeek gaurko, eta bertaratu direnen artean, bi hirietako alkateez gain, Igor Enparan Hondarribiko alkatea; Nerea Malgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria; Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidentea; Manuel Lezertua Arartekoa; edota Mikel Lezama PPko Gipuzkoako Aldundiko bozeramailea.
Zubiaren bi aldeetan elkartu dira herritarrak eta Ezenarrorena izan da hitza. Zubiaren itxiera “absurdoa, lotsagarria eta ulertezina” dela adierazi du denen izenean. Guztira, 200 pertsonaren bueltan elkartu dira, eta ordezkari politikoen presentzi handia nabaria zen.
Irungo Harrera Sarea ere bertan egon da eta mugen irekiera eskatzetik haratago “nekropolitikak” salatu dituzte. Europar Batasunaren migrazio politikak “hiltzaileak” direla adierazi dute. Itxieraren arrazoia migrazio politikak direla deitoratu du Oihana Galardi IHSko kideak eta, horregatik, Etorbidearen zubiaren itxiera salatzeko “bidezkoa” iruditzen zaie bertan jartzea. “Baina, behin eta berriz esan izan dugu, elkarrekin lan egin behar dela. “Erakundeei exijitu izan diegu, baina beti izan gara prest erakundeekin elkarlanean aritzeko, hori berretsi genuen atzokoan eta gaur ere horregatik gara hemen. Gu geuk esaten dugulako elkarrekin lan egin behar dugula. Hemen gaude Irun eta Euskal Herria harrera herria dela aldarrikatzen”.
Adierazpenak:
Igor Enparan, Hondarribiko alkatea: Zubia ixtearen arrazoi nagusienetakoa da migrazioan dauden pertsonei zailtasunak jartzea. Azken finean, politika horrek egiten duena da gure arteko komunikazioak zaildu, baina bere helburu nagusia da migrazioan dauden pertsonei hesiak ezartzea. Eta zubia dugu. Hesia beharrean, zubia dugu eta zubi lan horiek oso inportanteak dira. Hemendik transitoan dabiltzanak eta hona etortzen direnak bizitzera jaso egin behar ditugunaren pentsamendua eta nahia badaukagu, eta uste dut hiru udalerrietako alkateok hori transmititu izan dugula behin baino gehiagotan, eta hesiak jartzeak kezkatzen gaitu. Izan ere, beste alde batetik ezagutu ditugulako trantsituan zeuden pertsona horiek, eta pertsona letra larriz esango dut, bizia galtzera ere iritsi direla eremu honetan eta kezkaz ikusten dugu horrelako politikak ezartzea Europar Batasunaren barruan.
Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia: Bidasoarrek eskatu dute hemen elkarretaratze bat egiteko Hendaiako alkateak eta Irungo alkateak, eta guk guztiz bat egiten dugu aldarrikapen horrekin. Zubi honek historia luzea du, urteetakoa, hemen momentu oso gogorrak bizi izan dira eta momentu honetan, Gipuzkoa eta Lapurdi zatitzen ditu inolako zentzurik gabe. Alde batetik, giza eskubideen ikuspegitik benetan oso gogorra da, honek eramaten gaituelako migratzaileak arriskuak hartzera. Beste aldetik ere, bi lurraldeen arteko harremanak erabat eteten dira. Frantziako Tourrerako ireki zen eta berehala itxi. Ez dauka inolako zentzurik. Zubiak eraikitzeko eskatzen dugu eta inondik inora paretak egitea, gaur aldarrikatzen zen gisan.
Jose Antonio Santano, Irungo alkatea: Aspalditik errepikatzen gabiltza ez daukala zentzurik zubiaren itxierak. Eskerrak eman nahi dizkiot Hendaiako alkatearen hitzei, zubi honek Frantziako aldeak itxi baitu eta uste dut ausardia handia eta kemena daukala Hendaiako auzapezak eta bere gobernuak dei hau egiteko. Pentsatzen dut uste dut alkate guztiek pertsonen ongizatean pentsatu behar dugula, bizilagunen arteko harremanetan. Sekulako harremana da daukaguna. Aurrekoan esan nuen, eta berriz esango dut, zubi hau ixtea ez da pasatzeko puntu bat ixtea, ez da mugikortasuna mugatzea, sakonagoa da: erlazio bat moztea. Trabak jartzen dizkio erlazioari eta benetan larria da, batez ere, XXI.mendeko Europan. Beraz, ez du zentzurik eta lotsagarria da eta argi eta garbi esana geratu dadila. Urratsak ematen segitu behar dugu, hemen, Madrilen, Parisen edo Bruselan hau buka dadin. Benetan, irain bat da Irun eta Hendaia herrientzat.
Nerea Malgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua: Hendaiako auzapezarekin bat egiten dut eta lotsagarria da zubia itxita egotea, batez ere, irekita egoteko aukera dagoenean. Frantziako Tourrerako ireki zen, txirrindularitza proba baterako eta ulertzen ez duguna da ez dela irekitzen giza eskubideak babesteko. Eusko Jaurlaritzatik beti eskatu dugu giza eskubideak babestea eta korridore seguruak egotea. Horrelako baldintzak jarriz eta hesiak eraikiz, eta batez ere, zubiak ez eraikitzen, giza eskubideen kontra ari gara. Honek ezin du horrela izan. Anai-arrebak diren herriak dira eta hau XXI. mendean gertatzen ari da. Giza eskubide guztien kontra joaten ari dira eta harrera egiteko euskal modeloa mantentzea. Presioa egin dugu. Urte batzuk daramagu esanez gure harrera eredua zubiak irekitzea dela eta ez hesiak jartzea.
Xabier Legarreta, Migrazio eta Asilo zuzendaria: Egoera hau lotsagarria da eta ezin da justifikatu inondik inora. Behin eta berriz eskatzen gabiltza korridore humanitarioak beharrezkoak direla, trantsitu seguruak beharrezkoak direla eta horrelako egoerak ez direla onartu.