Seme-alabak eskolan uztea, eroso bezain segurua
2021etik, seme-alabak eskolan uzteko aparkaleku berezi batzuk egokitzen aritu da udala, ‘Musu eta agur’ izenekoak. Ikasleen segurtasuna bermatzeaz gain, autoa aparkatzeko alternatiba bat eskaintzen diete gurasoei.
Goiz, eguerdi zein arratsaldetan ohikoak dira auto pilaketak herriko ikastetxeen atarietan. Auto horiek eragindako kutsadura, zarata eta arazoetatik harago, ikasleen segurtasuna bermatzeko egitasmo berezia abiatu zuen udalak 2021ean: Muxu eta agur. Bi urteren ondoren, martxan jarraitzen du egitasmoak, harrera ona izan baitu gurasoen artean.
Helburu hirukoitza du egitasmoak, udaleko ingurumen teknikari Maialen Ausinek azaldu duenez. “Eskolako ingurua seguruagoa eta atseginagoa izatea, autoen zirkulazioa murriztuz; eskolako atean autoen presentzia murriztea; eta eskola ingurunearen ingurumen kalitatea nabarmen hobetzea”, azaldu du.
Baina, zertan datza zehazki? Ausinen arabera, Hondarribiko zenbait ikastetxeren atarietan aparkaleku berezi batzuk egokitu dituzte azken urteetan, horiek gurasoentzako erreserbatuz. Hala, bi minutuan seme-alabak eskolan uzteko aukera ematen diete. Egitasmoaren izenburuak garbi adierazten du musua eman eta agur esateko bakarrik direla aparkaleku horiek. Hau da, autoa gelditzen dute gurasoek bertan, seme-alabak jaitsi eta «modu eroso eta seguruan» besarkatu eta agurtzen dituzte.
Orain arte egitasmoak izan duen harrerarekin pozik dago udala, balorazioa «positiboa» izan dela erantsi du teknikariak. Aitortu du gune batzuetan besteetan baino hobeto funtzionatzen duela, baina orokorrean gurasoak “oso pozik” daudela.
Etorkizunari begira, aparkaleku horiek eskoletatik aldentzeko asmoa dute: “Ordurako gune horietatik eskoletarako bideak erakargarriak eta seguruak izango direlako haurrentzat”.