Bizikleta festa, Antzarango jaien egitarauan
Larunbat arratsaldean antolatu dute bizikleta ardatz izango duen jaia, 16:00etatik 20:00etara. Askotariko jarduerak antolatu dituzte bizikletaz gozatzeko.
Asteburu honetan, hilak 17 eta 18, Antzaran auzoko jaiak ospatuko dira, gustu eta publiko guztietarako ondu duten egitarau zabalarekin. Jardueren artean Bizikleta Festa bat egingo dute larunbat arratsaldean Balazta, Recycl’Arte eta Nasuvinsa elkarteek, Bici-Connect proiektuaren barruan.
Bizikletaren Festak Ducoureau jauregia hartuko du larunbat arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara, eta antolatzaileek askotariko jarduerak ondu dituzte. 16:00etatik 17:00etara, bizikleta eta bigarren eskuko osagarriak jasoko dituzte, 17:00etatik 20:00etara saltzeko. “Nahi duenak ekarri ahal izango ditu garaje edo trastelekuetan txikiegi edo erabilerarik gabe geratu zaizkion bizikleta horiek, eta bigarren bizitza bat eman”, esan dute antolatzaileek.
Bigarren eskuko bizikleten salmentaz gain, trebetasun, eskulan eta askari zirkuitu bat prestatu dituzte, eta parte hartzaileek fruta zuku propioa egin ahal izango dutela aurreratu dute, Recycl’Artek asmatutako velo-smoothy bizikleta delakoaren laguntzarekin. Horrez gain, bizikleta ardatz duten jolas batzuk ere ondu dituzte. Azkenik, euro bateko prezioa duten txartelak salduko dituztela adierazi dute, eta mekanikariek ‘bir-ziklatu’ tailerrean jarritako bizikleta baten zozketan hartuko dute parte. “Ideia da egun horretan bizikleta asko egotea Antzaran auzoan”, esan dute antolatzaileek larunbaterako dituzten asmoez.
Berrikuntza gisa, ‘Bizikletaz Adinik Ez – Nagusikleta’ proiektuaren triziklo bat jarriko dute “adinekoak auzoko jardueretara eta jai girora” hurbil daitezen. Arratsalde osoan ere tailer mugikor bat jarriko dute, Antzaranera gerturatzen direnen bizikletak prest jartzeko.