Datorren ostegunean zabalduko dute hondartzako udako denboraldia
Irailaren 15era bitarte luzatuko dute aurtengoa. Garbiketa indartuko dutela iragarri dute gaurko aurkezpenean, zenbait ekintza eta egitasmo aurreikusi dituzte.
Gipuzkoako hondartzen udako denboraldia inauguratu dute gaur Hondarribian. Bertan izan dira, besteak beste, Gonzalo Carrion zinegotzia, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua eta Emaus Gizarte Fundazioko komunikazio arduradun Begoña Cabaleiro. Berritasunekin dator aurtengoa.
Gaurko aurkezpenean jakinarazi dutenez, datorren ostegunean (hilak 15) zabalduko dute denboraldira, eta irailaren 15era bitarte luzatuko dute.
Garbiketa zerbitzu berri bat jarriko dute martxan aurten, “udan makineria indartuz, eta kostaldeko udalerri guztietan erreten talde berri bat txertatuz” . Gorabeherarik izanez gero, telefono zenbaki bat ere eskuragarri jarriko dute talde horrekin harremanetan jartzeko. Espezie exotiko inbaditzaileak ezabatzeko lanak ere egingo dituztela aurreratu dute, “beharrezkoa izanez gero”.
Era berean, udako paperontzi gehiago jarriko dituzte. Horri lotuta, lurraldeko hondartza guztietan ontzietarako 10 eguzki paperontzi trinkotzaile ere jarriko dira.
Aurten, gainera, aldundiak 1.815.000 euro bideratuko ditu “Gipuzkoako hareatzetako garbiketa indartzeko”, eta 150.000 euro gehiagoko inbertsioa egingo dute hondartzetako segurtasun arloko laguntzarako. Aldundiaren asmoa “Gipuzkoako hareatzen erabilera bikaina optimizatzen jarraitzea” dela azaldu du Asensiok.
Aforoa kontrolatzeko Nik Hondartzak aplikazioa mantenduko dute eta kostaldean ezarritako bideometria sistemari esker “urrats handiak” egingo dituztela gaineratu du diputatuak. “Aurten gure hondartzen garbitasuna eta segurtasuna are gehiago hobetuko dugu, Gipuzkoako hareatzak arduraz erabiltzeko eta ingurumenaren babesa eta gozatzea bateragarri egiteko”, erantsi du.
Azkenik, Emausekin elkarlanean, kanpaina bat egingo dute, Zu zara poesia hondartzan birziklatzen duzunean izenekoa, “paperontzien erabilera egokia eta sentsibilizazioa sustatzeko” asmoz.