Erdi Arora itzuliko dira hondarribiarrak asteburuan
80 postu inguruk osatuko dute aurtengo Erdi Aroko Azoka. Hainbat ekintza, ikuskizun eta tailerrez gozatzeko aukera izango da.
Aurten ere Erdi Arora itzuliko dira hondarribiarrak, asteburu honetan egingo baitute ohiko Erdi Aroko Azoka. Maria Serrano zinegotziaren arabera, “gure Alde Zaharra duela ehunka urte nolakoa zen gogorarazteko parada ederra” izango da azoka. Larunbatetik igandera bitarte luzatuko dute aurtengoa.
10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara 80 postu inguru zabalduko dituzte. Arotzak, errementariak, upelgileak, urreginak, harginak, kontu kontariak, ardiak… Guztiek txoko bat izango dute. Horri lotuta, mota guztietako jarduera, ikuskizun eta ekitaldiekin ere gozatzeko aukera izango da. Aintzinako Kanpamendua, Arabiar haima edota Aintzinako tresnen erakusketa nabarmendu ditu zinegotziak.
Postuak eta ekintzez gain, tailerrak ere eskainiko dituzte, ondorengoak: lore, buztina edo beira puztua egiteko tailerrak. Bi egunetan zehar musikaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango da.