Arartekora jo du berriro Eguzkik, aldundiaren eta Jaurlaritzaren "jarrera tamalgarria" dela eta
Zaldunbordako eremuan 4 hektareako haltzadi kantauriarra lehengoratzea ezartzen zuen ebazpena egin gabe dagoela salatu dute, besteak beste.
Eguzki talde ekologistak udalerriko ingurumenarekin zerikusia duten bi gaitan eskua hartzeko eskatu dio berriro Arartekoari, “aldundiak eta Jaurlaritzak parte hartze publikoaren printzipioen aurka izan dezaketen jarrera dela eta”. Ekologistek gogorarazi dute 2018ko gai bati buruz ari direla: “gaur egun, Zaldunbordako eremuan 4 hekateareko haltzadi kantauriar lehengoratzea ezartzen zuen ebazpena egin gabe dago”, salatu dute. Horregatik, “hartzen diren eta norabide ona adierazten duten erabakiek ere hainbeste denbora atzeratu behar izatea onartezina” dela esan dute.
Aldundiak erakutsi duen interes faltarekin kezkati daude, “Jaitzubiako KBEaren eta HBBEaren lurretan eraikin bat dagoelako, eta gainera, jarduera horrek kutsa dezakeelako”. Kokapena eta jarduera KBE eta HBBE horren kontserbazio helburuekin ez datozela bat diote, “zeinak logikoa denez, zaindu eta bultzatu behar dira”.
Administrazioen “jarrera tamalgarria” salatu dute berriro, eta espero dute Arartekoari eskatu dizkioten jarduera eta babesek “jarrera aldaketa eragingo duela bi administrazioetan, Natura 2000 Sareko gune horretan biodibertsitatearen kontserbazioa zaintzeko eta bultzatzeko”.