Abotsanitz: "Aldaketaren momentua iritsi da"
Hauteskundeen gaineko balorazioa egin berri dute. "Urte luzez konpondu gabeko arazoak birbideratzeko momentua" heldu dela uste dute.
Joan den maiatzaren 28an irabazitako hauteskundeen gaineko balorazioa egin berri du Abotsanitzek. 28 urteren ondoren, “aldaketaren momentua iritsi” dela esan dute lehenik.
Hauteskundeak irabazita, orain, “alfonbra azpian beste hainbat gauza agertuko” direla diote. Horrez gain, “urte luzez konpondu gabeko arazoak birbideratzeko momentua” heldu dela uste dute.
Hauteskundeetan jasotako babes handi horren arrakastaren gakoa “jendarte zabalagoa biltzea lortu izana” dela esan dute. “Alderdi handiekiko dugun independentziak ahalbideratu du fenomeno hau. Abotsanitzek debatea herri mailan zentratzen du eta maila honetan hiritarren ikuspegia askoz ere sozialagoa da. Egunerokoan eragiten diguten erabakiak gertutasunetik hartzen dira”.
EAJren gobernua “herritarrengandik urruntzen” joan dela diote, “haustura eman den arte”. Gobernu taldearen jarrerak eta hartutako norabideak ez dituela herritarrak asebete erantsi dute, herritarrek “garai berriei aurre egiteko eredu aldaketa bat eskatu” dutela: “Hondarribiarrak aintzat hartuko dituena, hurbilagoa eta anitzagoa”. Aldarrikapen horiei erantzuteko “gobernantza eredu berri bat” ezarri nahi dute, “parte hartzailea eta anitza”.
Ordezkaritza lortu duten gainontzeko taldeekin dagoeneko bildu direla jakinarazi dute, lehen bilera txanda egina dutela. Azaldu dute bilera hauen asmoa ez dela izan erabakiak hartzea, “baizik eta etapa berrirako asmoak partekatzea eta ordezkari bakoitzaren eta udal taldeen ekarpena non eta zein izan daitekeenaren inguruko hausnarketa egitea”. Bigarren bilera txanda bat egingo dutela iragarri dute, hilaren 17an egingo den bilkuraren aurretik hain zuzen, “udalbatza berriaren zehaztapenean sakontzen hasteko”.
Azkenik, nabarmendu dute udal mailan egingo duten lanak ez duela herrigintzan egingo den hori “ahulduko”. “Lanketa hau elikatzen jarraituko dugu eta parte hartzeko gogoa duen oro ongi etorria izango da”. Hala, hauteskundeen balorazio bat elkarrekin egiteko herri batzarra egingo dute bihar (osteguna, hilak 8), 19:00etan, Kultur Etxeko 103. gelan.