Hauteskunde historikoak Hondarribian: Abotsanitzek aurrea hartu dio EAJri
Inoizko emaitzarik onena eskuratu du Abotsanitzek. EAJk baino boto gehiago eskuratu dituzte, eta emaitza horrekin, zazpi zinegotzi izango dituzte, 2019an baino 3 gehiago.
Hamarkada luzez udalaren buru izan da EAJ, baina badirudi aurtengoa aldaketa urtea izango dela. Izan ere, Abotsanitz izan da gaurko udal hauteskundeen garaile nagusia, zalantzarik gabe. Ez badute gehiengorik lortu ere, gaur arte Abotsanitzekin batera oposizioan izan den alderdiren batekin akordioa lortuz gero, Igor Enparan izan liteke Txomin Sagarzazuren ordezkoa alkate bezala. Giltza, ordea, EH Bilduk du. Abotsanitz ekainaren 17ko alkate izendatze eta udalbatza osatze udalbatzarrean babestuko balu, EAJren aginte aro luzeak bukaera izango luke. Izan ere, sorpresarik ezean, aukera balute PSE-EEk eta EAJk akordioa egingo baitute bai alkatetzarako eta udal gobernua osatzeko, hala dutelako adostuta gaur arte Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban (Irunen ez). Aldaketa oso sakona, gaur, Hondarribiko politikan, eta beraz, herriaren etorkizuna ulertzeko eran. Abotsanitzena garaipen historikoa izan da.
Bigarren izan da EAJ, hirugarren PSE-EE, laugarren EH Bildu eta bosgarren PP. Garaitezina zirudien aurten Gonzalo Carrion buru izan duen EAJk. Hondarribiarrek erabaki dute Abotsanitzi konfiantza gehiago ematea jeltzaleei, eta beste alderdiei baino.
48 botoko aldea atera dio Abotsanitzek EAJri, inoizko emaitza onena eskuratu du taldeak. 2.834 boto jaso ditu 2015ean lehenengoz zerrenda aurkeztu zuen aukerak, 2019an 1.924 izan zirenean. Hau da, aurreko hauteskundeetan baino 910 boto gehiago poltsikoratu dituzte. “Oso pozik gaude, ez genituen emaitza hauek espero. Gauzak aldeko jartzen zaizkigu eta alkatetzara iristeko konpromiso horri heltzeko asmoa dugu. Prest gaude akordioetara iristeko. Herrian gauzak beste modu batera egiteko aukera dago, erronkari eutsiko diogu”, adierazi berri dio HITZAri Igor Enparan alkategaiak.
Bigarren postura jaitsi den EAJ izan da gaurko kaltetuena, sekulako beherakada izan dute jeltzaleek. 2019an baino 1.096 boto gutxiago jaso dituzte herrian, 2.786 denera.
PSE-EEk 2019ko bozen antzeko emaitzak lortu ditu, 43 boto galdu ditu.
EH Bilduk ere beherakada izan du, 119 botokoa hain zuzen. 2019an 1.098 boto jaso zituzten, eta aurten, berriz, 979 izan dira. Herriko laugarren indarra izan dira berriro.
Azkenik, PP izan da bosgarren, 386 botorekin (2019an baino 29 gutxiago). Emaitza hauekin, ordezkaritzarik gabe geratu dira.
Ondorengoak dira gaurko emaitzak (parentesi artean 2019ko emaitzak):
- Abotsanitz: 2.834 (1.924). 7 zinegotzi.
- EAJ: 2.786 (3.882) . 6 zinegotzi.
- PSE-EE: 1.096 (1.053) 2 zinegotzi.
- EH Bildu: 979 (1.098) 2 zinegotzi.
- PP: 386 (415). Zinegotzirik ez.
Parte hartzea %62,05ekoa izan da (2019an baino hiru puntu gutxiago, %65,65ekoa izan zen).