“Bizitzeko, gozatzeko eta lan egiteko herri bat izango da Hondarribia”
Estreinakoz aurkeztu da hauteskundeetara, zortzi urtez zinegotzi izan ondoren. "Balore seguru bat garelako", konfiantza eskatu die hondarribiarrei.
Datorren hilaren 28an, zergatik eman botoa zuri?
Balore seguru bat garelako. EAJk urte asmo daramatza lanean, erakunde askotan. 128 urteko alderdi bat gara, erakunde guztietan egon gara. Azkeneko urteetan Hondarribia erabat aldatu duen alderdia gara. Gure bizi kalitatea mantendu edo hobetu nahi dugulako. Gogoa, konpromisoa, ilusioa eta lana, hori egingo dugu. Eta horretarako konfiantza eskatzen diegu hondarribiarrei.
Alkatetzara iristen bazara, zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Lehenengo eseri, aztertu eta langile guztiak elkartu. Zertarako? Batez ere talde bat osatzeko. Udala ez da bakarrik alkatea, denak gara, eta nahiko genuke denon artean elkartu, hitz egin, aztertu eta nola jokatu definitu, denek ibilbide berbera jarraitu dezagun. Oso garrantzitsua da guretzat udal taldeak edo udalaren gorputz horrek irizpide berberak izatea, batez ere gero herritarrek zerbitzu ona jaso dezaten.
Euskararen erabilera datuak behera doaz. Egun, hondarribiarren %16,3k hitz egiten du euskaraz kalean. Datu horiek iraultzeko, zer egingo zenuke?
%16,3 oso baxua da, eta nahiko genuke denon artean hori irauli, kalean euskara gehiago entzutea. Zaila da, teknologia moderno guztiak gazteleraz etortzen dira, eta nahiko genuke euskara erabiltzea gehiago. Gure lan hizkuntza udaletxean euskara da, eta gure alderdian ere hala da. Nire etxean ere bai, etxeko hizkuntza euskara da. Eta eredu moduan nirea jartzen dut, euskaraz aritzen garelako etxean. Baina egia da gonbita egin behar dugula euskara erabiltzeko, eta horretarako Ongi etorri Hondarribira izango da gure leloa gai honetan. Zertarako? Ezagutzen ez dugun norbaiti lehenengo hitza euskaraz egiten badiogu, ongi etorri Hondarribira adibidez, errazagoa izango baita euskaraz erantzutea. Eta orduan hasiko gara gure eguneko lan guzti horietan euskaraz, eta ordutik euskaraz egingo dugu, eta hori izango da gure leloa. Ea lortzen dugun egoera iraultzea.
Bizitzeko hiri garestia da Hondarribia. Etxebizitzaren egoera iraultzeko, zer proposatzen duzue?
Etxebizitzaren gaia ez da erraza. Hondarribiak oraintxe bertan ez dauka non eraiki. Hondarribia leku zoragarria da bizitzeko, eta EAJk eman dio azkenengo urteetan bizi kalitate hori. Jendeak Hondarribira etorri nahi du eta horrek merkatua garestitzen du. Eta nola ez daukagun non eraiki, ez daukagu zer egin. Baina planteamendu berriarekin etxebizitza publikoari bultzada handia emango diogu. Etxebizitza publiko asko egingo ditugu, 950 inguru. Eta horietan herritarrei herrian bizitzeko aukera eman nahi diegu.
Alardearen gatazkari irtenbide bat emateko, zer proposatzen du zure taldeak?
Azken urteetan mahai inguru bat egon da, hor izan da Jenny Pearce. Alde guztiak onartzen dituen pertsona bat izan da eta horrek lagundu izan du gatazka hitz hori kentzeko mahai gainetik edo kaletik. Errespetua, hori behar dugu, norberak alarde eguna bizi dezake nahi duen moduan eta desfilatu behar du nahi duen moduan. Hori argi daukat. Guk ezin diogu inori inposatu nola bizi behar duen gauza bat. Errespetua eta elkarbizitza, eta nola ez, egunaz gozatzea.
Zer nolako hiri ereduaren alde egiten duzue?
Bizitoki atsegina nahi dugu, garbia, eta bultzada ezberdinak izango dituena. Parke teknologiko berriak bultzada ekarriko du, gune industrial berriak izango ditugu. Orduan ja ez da izango zerbitzuetako herri bat, edo lo egiteko herri bat. Bizitzeko, gozatzeko eta batez ere lan egiteko herri bat izango da. Eta hori gauzatzeko gu gara aukera serioena.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie. Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Hondarribiko bosgarren eta azken elkarrizketa da.