Batzar Nagusietarako hautagaiekin egindako bisita, "eraikitzailea"
Mendelu-Zaharra, Amute-Kosta eta Arkoll auzo elkarteek Bidasoa-Oiartzungo barrutiko Batzar Nagusietarako hautagai guztiekin bisita egin zuten. Auzoari eta egunerokotasunari zuzenean eragiten dieten foru eskumeneko hainbat gai helarazi zizkieten auzotarrek.
Mendelu-Zaharra, Amute-Kosta eta Arkoll auzo elkarteek Bidasoa-Oiartzungo barrutiko Batzar Nagusietarako hautagai guztiekin izan ziren joan den larunbatean, auzoa bisitatu zuten elkarrekin. EAJ, EH Bildu eta PSE-EE taldeetako ordezkariak izan ziren bisitan. Elkarrekin Podemos, Ezker Anitza-IU eta Berdeak Equok ezin izan zuten ordezkaritzarik bidali, aurreikusitako kanpainako ekitaldi bat izan zutelako.
Bi ordu eta erdi baino gehiagoko bisita izan zen, “giro oso adeitsu eta eraikitzailean” joan zela diote auzo elkarteetako kideek. Auzoari eta egunerokotasunari zuzenean eragiten dieten foru eskumeneko hainbat gai helarazi zizkieten ordezkari politikoei. Bisita honetan “foru ordezkariekiko komunikazioa arinagoa izateko” konpromisoa hartu zuten guztiek. Auzo elkarteek deialdiaren helburuak bete zirela esan dute, eta eskerrak eman dizkiete bertaratutako guztiei.
EAJko Maite Peña, Juan Luis Silanes, Maria Agirre eta Aintzane Oiarbide izan ziren, besteak beste. EH Bildutik Jokin Melida, Garoa Lekuona eta Oskar Bordes izan ziren. PSE-EE Jorge Martinek eta Noemi Odriozolak ordezkatu zuten.