"Hondarribiak aldaketa behar du, ilusiotik egiten den aldaketa"
Hondarribia "bidegurutze" batean dagoela dio alkategaiak eta herriak XXI. mendeko udal bat behar duela uste du, "irekia, gardena, parte hartzailea, demokratikoa eta baliabideak dituena".
Datorren hilaren 28an, zergatik eman botoa zuri?
Bi arrazoi emango dizkizut. Bat, ni naizelako alkategaien artean aldaketa irudikatzen duena. Ilusiotik egindako erabaki bat izan da, Hondarribiak aldaketa behar duelako, ilusiotik egiten den aldaketa bat. Gainera, kontsideratzen naizelako prestatua dagoen pertsona naizela. Kudeaketan ibilia, enpresa pribatutik nator. Lan taldeen parte hartzean ere aritu naiz eta herri batentzat oso garrantzitsua iruditzen zaidan gai batean: mugikortasunarena. Orduan, horregatik iruditzen zait nik dakidan hori herriak behar duela. Azken finean herriaren norabidea zalantzaz beterik dago, Hondarribia bidegurutze batean dago eta ni ibili naiz mugikortasunean, berrikuntzan, zer nolako herriak eraiki beharko genituzkeen definitzen, eta zerbait badakit horretaz. Hori lehen arrazoia.
Eta bigarrena: EH Bildu da momentu honetan aldaketarako talde politiko subiranista, berria, prestatua, ilusioarekin eta benetan aldaketa ekarriko duena Euskal Herri mailan eta bereziki Gipuzkoan, Maddalen Iriarterekin. Orduan, konbinazio perfektua dela uste dut.
Alkatetzara iristen bazara, zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Jaiak antolatu. Jaiak antolatuko ditut eta ditugu EH Bildutik, herri honek merezi duen moduan eta behingoagatik harro egoteko modukoak izan daitezen. Eta horretarako bi gauza egingo ditugu. Lehenengoa da jai batzordea sortuko dugula, herritarren artean gure jaiak nola antolatu nahi ditugun adosteko. Jai inklusiboagoak, alaiagoak, parte hartzaileagoak, euskaldunagoak eta baita ere erasorik gabekoak antolatzeko.
Eta bigarrena, alarde publikoa antolatuko dugu, 25 urteren ondoren behar dugun hori. Bilera bat egingo dugu berriz ere udala, alkatea barne noski, eta herrian ditugun konpainia guztiekin, Jaizkibel barne. Eta hori izango da lehenengo pausoa berriz ere alardea publikoa, parekidea eta bakarra izateko gure herrian.
Euskararen erabilera datuak behera doaz. Egun, hondarribiarren %16,3k hitz egiten du euskaraz kalean. Datu horiek iraultzeko, zer egingo zenuke?
EH Bildutik larrituta gaude emandako datu horiekin, atzematen dugun egoera bat da. Azkenean ia buelta ematen duzu herrian norbait euskaraz entzuten baduzu. Orduan, horri buelta eman behar zaio. Gai honekin herritarrak eta baita eragileekin batera euskararen batzordea sortuko dugu, elkarren artean ea nola egiten dugun suspertzeko. Eta suspertze bide horretan argi daukagu elkarrekin egin beharreko bide bat dela. Hori lehen pauso bezala.
Bigarrena, noski, udalean euskara saila indartu behar da eta bitartekoak jarri. Udalaren euskara ordenantza 1992koa da, zahar samarra dago. Orduan, ordenantza berria egingo dugu udalak euskaraz jarduteko eredugarri izan behar duelako, gero besteei eskatu aurretik. Eta laugarrena, eta Hondarribiak baldintzak betetzen ditu, euskararen ezagutza mailak betetzen ditugulako, UEMAn sartzea izango litzateke. Azken finean UEMAk ahalbidetzen digu aholkularitza-lankidetza harreman bat bide honetan eta euskara herrian suspertzeko zer egin beharko genukeen zehazten digu. Eta zer hobe, aditu batekin egitea baino. Hori izango lirateke lau proposamenak, baian noski, gero badauzkagu euskal kulturarekin lotura dutenak, hori ere gure agendetan parte da. Finean, euskal kulturari merezi duen tokia eman nahi diogu. Izan daiteke, euskal dantzen festibala bat sortuz edo euskal musikaren beste festibal bat antolatuz. Euskara herrian gehiago egotea azken finean.
Bizitzeko hiri garestia da Hondarribia. Etxebizitzaren egoera iraultzeko, zer proposatzen duzue?
Prezioan dago kontuan, ez etxebizitzak baditugun edo ez. Horretarako guk bereziki nahi duguna da hondarribiarrek eta bereziki gazteek herrian bizitzeko aukera edukitzea. Gure proposamena aurkezteko iruditzen zait ezinbestekoa dela lehenengo datuak azaleratzea eta ni etorri berria naizen honetan harrigarriak iruditu zaizkit. Hondarribian 17.000 bat herritar gaude erroldatuta., baina dauden etxebizitza guztietan erroldatutako pertsonak egongo balira, 21.000 bat biztanleko herria izango ginateke. Honek adierazten diguna da etxebizitzak badaudela, soberan, herritarrak bertan bizi ahal izateko. Zein da kontua? Zertarako egiten ditugun etxeak. Etxeak egiten dituzte turismorako, bigarren etxebizitza asko dago, espekulazioak edo dena delakoak egiteko. Horrek erakusten du konponbidea ez dela etxe gehiago eraikitzea. Guk proposatzen duguna da etxebizitza parke publiko bat sortu behar duela udalak eta horretarako bide ezberdinetatik osatuko genuke parke hori. Alde batetik, etxebizitza hutsak baditugu herrian, 562 ditugu identifikatuta. Orduan 562 horietan izango zen ekintzak martxan jarri hutsak dauden horiek alokairu sozialera bideratzeko.
Gero ere badauzkagu bestelako etxebizitzak, utzikerian daudenak, zahartzeko prozesuan. Guk eskatzen duguna da zahartzen ari diren etxebizitza horiek udalak erostea, udalak birgaitzea eta udalaren etxebizitza parkeko parte izatea, alokairu sozialaren sustapenerako. Eta badago beste kontu bat, EH Bildutik anbizioz jokatu behar duguna. Alde zaharrean eta portuan baditugu babes historikoa duten etxebizitza asko eta bereziki adinekoak bizi dira bertan. Zer gertatzen da? Ezin direla igogailurik jarri. Zer egiten dugu pertsona horiekin, zein zerbitzu ematen diegu? Irisgarritasun arazorik ez duen gazte bat bizi daiteke bertan. Ikusten duguna da adineko pertsona horiek birgaitutako etxebizitza horietara joateko aukera edukitzea, eta alde zaharreko etxe horietan gazteak sartzea, alde zaharra gaztetzea azken finean.
Orduan, horrekin lotuta goaz gure laugarren pausora, etxebizitza parke publiko horretara. Hondarribian ere anbizio gehiagoz jokatu behar dugu, eta ez konformatu gutxirekin. Horregatik eta aipatutako zahartze horri lotuta, uste dugu babes ofizialeko etxebizitza horiek belaunaldi artekoak behar dutela izan. Lau hondarribiarretik bat ja laster 65 urtetik gorakoa izango da, lehenengo urtean gehiago izan ziren heriotzak jaiotzak baino. 2021ean 165 herritar hil zitzaizkigun, eta 114 jaio. Zahartzeko prozesu batean gaude, hortaz, hamar urteko ikuspegi batekin egin behar dugu lan, eta horrek anbizioa izatea eskatzen digu. Aipatutako lau atal horiekin etxebizitza parkea sortuko genuke.
Gero, pisu turistikoak daude, 800 egon daitezke gaur egun. Hotelek 442 plaza eskaintzen dituzte, eta bi kanpinak elkartuta, 747 plaza daude. Hau da, etxebizitza turistikoak dira alojamendu gehien eskaintzen dutenak gure herrian. Horiek daude bereziki alde zaharrean, hiltzen diren auzo horietan, eta horiei muga jarri behar zaie. Plangintza guzti horiekin emango diogu buelta aipatutako puntu horri, herrian bizitzea zaila dela, eta bereziki gazteentzako.
Alardearen gatazkari irtenbide bat emateko, zer proposatzen du zure taldeak?
EH Bildutik eta azkeneko legealdian bereziki zinegotziak izan direnak eta Lantalde Feminista ere jo eta su ibili gara lanean, daukagun trakamilla guzti honi konponbide bat emateko nondik tira egin aztertzen ibili gara. Lantalde Feministak udalak aplikatu edo bete beharko lukeen araudi proposamen bat egin berri du. Hau da, udalak egin beharrean lana EH Bilduko kideek egin dute, udalari esateko, tori, hemen daukazu proposamen bat alardea nola egin beharko zen jakiteko. Alarde fundazioak alardea antolatzeko erabiltzen duen araudia momentu garaikideetara egokitu behar da, bereziki emakumearen parte hartzea sustatzeko. Minimo bat da egoera hau desblokeatzeko. Sinistuta gaude konponbidearen legealdia izango dela. 25 urte ez dira trukean pasa, bere ondorioa eginbeharra daukate eta legealdi hau konponbidearena izango da. EH Bildutik jarri dugu mahaian gainean zein izan beharko litzatekeen behintzat markoa. Alardea udalaren web orrian ondare ukiezin bezala agertzen da, baina ez dago erregistratuta hala Eusko Jaurlaritzaren ondareen datu basean. Honekin zer egin nahi dugu? Eskatu nahi dugu hala erregistratzeko eta konponbiderako bidea zabalduko denez, ez dadila bigarren alarde bat sortu. Alardea bakarra da, herriko ondarea, eta babestu behar da. Bi lan ildo horiekin aurrera egingo dugu, eta hori izango da gure proposamena.
Zer nolako hiri ereduaren alde egiten duzue?
Ikusten dugun herri ereduak bost ezaugarri ditu. Lehentasuna jartzen diogu herri berdea izateari. Hondarribiarrek bandera berdea daukagu, baina nahi dugu jarreran eta izaeran ere berdeak izan. Mugikortasun eredu eraginkor bat nahi dugu, etxebizitza eredu eraginkor bat, energiaren kudeaketa eraginkor bat eta turismo kudeaketa eraginkor bat. Berde multzo horretan guzti hori sartzen dugu. Bigarrenik, berdintasuna helburu duen herri bat espazio guztietan izan dadila nahi dugu. Hirugarrenik, herri bizia nahi dugu, eta bertan bizitzekoa izan dadila, bertan lan egiteko aukera izan dezaten hondarribiarrek. Zaintzari garrantzia handia ematen diogu, azken finean denak zainduak izan beharko garelako eta denak zaintzaileak izango garelako. Lehen aipatutako gure egoera demografikoaren aldaketa horretan ezinbestekoa daukagu, etxean goxo zainduak izateko aukerak ematea. Ez dugu zaintza negozio bat bezala ikusten, herri mailan espazioak sortu behar dira elkarbanatzeko. Eta noski, herri euskalduna nahi dugu, horrela amesten dugu eta horrelako herri bat nahi dugu. Eta guzti horiek lortzeko XXI. mendeko udal bat behar dugu. XXI. mendeko udala, irekia, gardena, parte hartzailea, demokratikoa eta baliabideak dituena.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie. Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte.
Honakoa Hondarribiko hirugarrena da.