"Turismoan eta zerbitzuetan oso zentratua dagoen eredu hori irauli behar dugu"
Bi zinegotzi ditu egun PSE-EEk Hondarribiko Udalean. "Bizitzeko eta lan egiteko hiri bat" defendatzen jarraituko dute sozialistek.
Datorren hilaren 28an, zergatik eman botoa zuri?
PSE-EE bozkatzen ez duen jendeak “zergatik ez?” planteatu dezala nahi dugu. Alternatiba ona bezala ikus gaitzatela espero dugu, lan egiten duen alderdi bat bezala, proposamenak egiten dituena, eta herritarrei entzuten diena, eta Hondarribiak dituen beharren analisi ona egiten duena.
Alkatetzara iristen bazara, zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Udaletxeko komunikazioa hobetu, barnekoa eta kanpokoa. Ez naiz hedabideen eta sare sozialen propagandaz ari. Herritarrek administrazioa ezagutu dezaten nahi dugu, horretaz ari naiz, eskaintzen dituen zerbitzuak, egiteko asmoak. Baina baita ere oposizioko taldeentzako informazioa eskuragarri izatea nahi dugu. Justua iruditzen zait, eskubide bat. Hori gabe ezin da lan ona egin. Ordezkaritza duten talde guztien ekarpenak baliagarriak baitira.
Departamentuak ere indartu eta kontsolidatu behar dira, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko, eta “biolentzia administratiboaren” kontra borroka egin. Administrazioaren eta administratzaileen arteko boterearen banaketa desorekatuaren kontra borroka egin, lehenak bere posizio pribilegiatuaren erabilera egiten baitu bigarrenen eskubideak urratzeko. Ikusi dugu Arartekoak udalari ohartarazi diola zenbait okasiotan. Baina haraino iristea saihestu behar da. Gertuko administrazio bat behar da, herritarrei administrazio tramiteekin lagunduko diena, epeekin kunplituko duena, administrazioaren isiltasuna ezabatuko duena, burokrazia murriztuko duena, eta tramite digitaletan lagunduko duena.
Euskararen erabilera datuak behera doaz. Egun, hondarribiarren %16,3k hitz egiten du euskaraz kalean. Datu horiek iraultzeko, zer egingo zenuke?
Formazio gehiagorekin eta kultura gehiagorekin bakarrik konpondu daitekeela uste dut. Euskararen ikaskuntza indartu behar dugu. Badugu Euskaltegia, baina 6-16 urte bitartekoak kanpoan uzten dituen zerbitzua da, eta PSE-EEk maiz errepikatu du zerbitzu hau beharrezkoa dela gazteen ezagutza indartzeko. Eta hizkuntzaren ezagutza on batek emaitza akademiko hobeak lortzeko balioko duela uste dut. Badakigu eskoletan akonpainamendu programak badaudela, baina agian ez da nahikoa.
Bestalde, euskararen kultur eskaintzaren alde egin behar dugu, beharrezkoa bada udaletxeko baliabide gehiago jarriz merkatuko eskaintza erakargarriago bat egiteko.
Euskararen alde hartzen diren neurri guztiak babesten ditugu, eta konbentzimendu berberarekin manifestatzen gara gizarte eta lan esklusiorako erreminta gisa euskara. Zentzu honetan Euskaraz Denontzat-en postulatuetatik oso gertu gaude. 16 urtetik gorako euskal biztanleen %12k bakarrik dute B2 edo goragoko titulu bat. Politika linguistikoa erreformatu behar da inklusiboa izan dadin, profilen aniztasun bat onartuko duena.
Bizitzeko hiri garestia da Hondarribia. Etxebizitzaren egoera iraultzeko, zer proposatzen duzue?
Alde batetik, herrian esklusiboki etxebizitza landuko duen entitate bat sortu behar da, eta etxebizitza publiko plan bat martxan jarri. Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza indartu behar da, aldez aurretiko jarrera ona baitago Babes Ofizialeko, gazte zein helduentzako zuzkidurazko etxebizitzak egiteko edota itxita dauden etxebizitzak merkatutik ateratzeko laguntzen duen Bizigune bezalako programak egiteko. Errehabilitazioaren gaian lan egin behar da, alokairuzko merkatutik kanpo geratzen diren etxebizitzen irisgarritasuna hobetuz eta energia efizientzia hobetuz.
Bestalde, pisu turistikoak erregulatu behar dira, alokairuzko etxebizitzen eskaintza urritzen baitu. Badira baliabideak, martxan diren mekanismoak, eta bestelako administrazioen aurretiko jarrera ona alokairu publikoko etxebizitzen eskaintza handitzeko. Lanean jarri behar gara.
Alardearen gatazkari irtenbide bat emateko, zer proposatzen du zure taldeak?
Egia esanda, epe motzean gatazkari irtenbide bat ematea zaila ikusten dut. Uste dut une honetan jarrerak oso gogor daudela. Kalean bizitzen ari garen errespetu klima hori positiboa da, baita alternatibak planteatu dituzten ahotsak entzutea. Uste dut belaunaldi berriekin sentsibilitateak eboluzionatzen joango direla.
Nolanahi ere, gatazka honen aldeek euren legitimitatea dute euren jarrerak defendatzeko, eta haiek dira pausoa eman behar dutenak. Politikariak alde batera egon behar dugula uste dut.
Zer nolako hiri ereduaren alde egiten duzue?
Denbora daramagu bizitzeko eta lan egiteko hiri bat defendatzen. Garrantzitsua da hiriak dituen arazoak kontuan izatea, eta arkadia zoriontsuaren ideia hori alde batera utzi. Turismoan eta zerbitzuetan oso zentratuta dagoen eredua dugu eta hori irauli behar dugu dibertsitatearen aldeko apustua eginez eta enpresarako lur gehiago hornituz hiria. Mugikortasun arazoak ditugu eta garraio publikoa hobetu behar dugu eta aparkatzeko arazoei irtenbide bat eman. Hiri kohesio hobea behar dugu auzoetan zerbitzuak eskainiz (dendak, herritarren zentroak, bilera lekuak, kirol eremuak) eta +65 klabean pentsatu, zahartzen dagoen herria baitugu eta horrek gure politikak birpentsatzera obligatzen gaitu.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie. Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Hondarribiko 2. elkarrizketa da.