San Sabriel eta Caser Betharrameko egoiliarrek erabili ahal izango dute 'Nagusikleta' trizikloa. Paseoak modu lasaian eta erosoan egitea da helburua.

Hondarribiko Udalak San Gabriel eta Caser Betharrameko egoiliarrentzako triziklo bat erosi du, Balazta eta Nagusilan elkarteen ekimenez.
Inoiz maileguan utzitako trizikloekin ibilaldiak antolatu izan dituztela azaldu du Gotzone Larrarte zinegotziak, eta, horiek izan zuten arrakasta ikusita, Balaztaren eta Nagusilanen proposamena heldu zitzaienean “interesgarritzat” jo zutela udalak triziklo propio bat erostea.
Triziklo elektrikoa da nagusikleta eta bi pertsonentzako lekua du. Ekimena gauzatzeko, bada, bolondresen laguntza beharrezkoa izango dela nabarmendu du Larrartek, horiek izango direlako trizikloa garraiatuko dutenak.
Azkenik Balaztaren eta Nagusilan Elkarteen lankidetza eskertu nahi izan du: “egiten duten lana ezinbestekoa da udalarentzat”.