"Hondarribiko bizi kalitatea hobetzeko" helburua duen programa aurkeztu du EAJk
Gonzalo Carrion hautagaiak adierazi du "exijentzia eta zorroztasuna" oinarri dituen taldea osatu dutela, eta programa "irekia, parte hartzailea eta kontrastatua" dela.
Hondarribiko EAJ taldeak prest du udal hauteskundeetarako programa, gaur bertan aurkeztu dute. “Hondarribiko bizi kalitatea hobetzeko” helburuarekin osatu dutela azaldu du gaurkoan Gonzalo Carrion alkategaiak. Harekin batera Maria Serrano eta Juan Luis Silanes zinegotziak eta hauteskundeetarako zerrendako kide Ainhoa Martinez izan dira.
“Aurrera batera egiteko talderik onena” dutela diote,”baikortasunez, konpromisoz eta irmotasunez” lan egiten jarraituko dutela, “Hondarribiko bizi kalitateak erreferente izaten jarrai dezan”. Carrionek adierazi du “exijentzia eta zorroztasuna” oinarri dituen taldea osatu dutela, eta honen proposamena “irekia, parte hartzailea eta kontrastatua”.
HAPO eta etxebizitza jaso dituzte programa honen lehen ardatzean. Hau onartzea”ezinbestekotzat” jo du taldeak, haien “lehentasun nagusia” aurrera eramateko: etxebizitza publikoen sustapen berriak eraikitzea. Onarpenak etxebizitza publikoak eraikitzeko aukera ekarriko duela diote, baita jarduera ekonomikoetarako, ekipamendu publikoetarako, aparkalekua eta berdeguneetarako espazio berriak sortzeko ere. Ardatz honetan etxebizitza bulego bat sortzea ere jaso dute. Presa II eremuan alokairuzko erregimenezko 66 etxebizitza eraikiko dituzte. Babestutako etxebizitza publikoen sustapen berriak egingo dituzte Mendelun, Amuten, Tudelenea eta Etxanikenean. Eta azkenik, hirugarren adinekoentzako etxebizitza kolaboratiboen proiektu bat ere bultzatuko dute Blanca de Navarra inguruan, “adineko pertsonen bakardadea prebenitzeko helburuarekin”.
Mugikortasun iraunkorra dute bigarren ardatz gisa. Atal honetan, besteak beste, Javier Ugarten bi solairuko parking bat sortuko dute, bakoitzean 170 plaza izango dituena. Lorategietako berdegunea mantenduko dutela esna dute. Mugikortasunari lotuta ere, TAO eremuak handituko dituzte, “hiriko hainbat gune eta auzotan bizi direnen aparkalekua errazteko”. Hiri barneko autobus zerbitzua jarriko dute martxan, “hiriarteko lineak iristen ez diren lekuetara garraio publikoan sartzea erraztuko duena”. MUGI sisteman integratutakoa izango da. HAPO onartzeari esker, oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna hobetzeko “hiria berreraikitzen” jarraituko du taldeak.
Ekonomiari dagokionez, zenbait egitasmo bildu dituzte: Hondarribiko arrantzaleen etxea sortuko dute, “arrantzaleen lanbideari balioa” emango diona; Tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko azoka indartu nahi dute, eta horretarako gune estali eta iraunkor bat eraikiko dute; Merkataritzari dagokionez, kanpainak egingo dituzte tokiko merkataritzaren kalitatea sustatzen jarraitzeko; Ekintzailek abiatutako proiektuen lehen gastuei eta inbertsioei aurre egiten lagunduko diete eta Puntalan bigarren enpresa gunea jarriko dute martxan; berrikuntza gisa, ofizioen biltegi bat egingo dute, hasiera batean Gaintxurizketako pabiloi batean, “zerbitzu profesionalak eskaintze dituzten enpresak sortzen erraztu eta lagundu ahal izateko”; Zaldunbordako Gainan eta Elbistietan jarduera ekonomikorako espazio berriak eraikiko dituzte; Zubietako Campus Teknologikoaren eraikuntza bultzatuko dute, “kalitatezko enpleguak sortzeko eta Hondarribia etorkizuneko teknologiaren mapan jartzeok aukera eskainiz”; eta azkenik, turismo “jasangarri” baten alde egingo du taldeak, sektoreen arteko lankidetza proiektu berriak sustatuz, “turismo mailan errespetu eta erantzukizunaren erreferente izateko”.
Gizarteari dagokion atalean, udal zerbitzuak herritarrengandik “hurbilago” nahi dituzte eta horretarako gizarte zerbitzuen bulegoa Muliateko Kandido Saseta plazara eramango dute, “zerbitzua herritarren beharretara egokitutako gune irisgarri batean eskainiz”. Bidez-bide zerbitzuaren ordutegia zabalduko dute. Adinekoen bakardadea eta isolamendua prebenitzeko plan bat egingo dute. Aisialdiko jardueren programazioa ere indartuko dute eta gazteen artean adikzioak prebenitzeko plan berria onartuko dute. “Harreman eta espazio seguru eta osasungarriak sustatzeko” ekintza berriak garatuko dituzte.
“Herri bizi eta euskalduna” bultzatuko dute, hori ere ardatzetako bat izango da. Euskara eta euskal kultura sustatzeko plan estrategiko berria egingo dute. “Elkarrizketa gune eraikitzaileak” egingo dituzte, eta pertsona guztiak “eremu guztietan aske eta errespetatuak sentitzeko erasorik gabeko hiri baten alde” egingo dute lan, “gizartea kontzientziatzearen alde elkarrekin lan eginez”. Alardea bizitzeko “modu desberdinen arteko errespetuaren eta elkarbizitzaren alde” lan egingo dute jeltzaleek. Ez dute nahi “gatazka” hitza “urteko egunik garrantzitsuenetako baten protagonista” izatea; azkenik, LGTBIAQ+ mugimenduari laguntzen jarraituko dute, “kolektiboaren eskubideak defendatzeko”.
Azken atal honekin lotuta, “herri atsegina” nahi du EAJ, eta horretarako zenbait proiektu zerrendatu dituzte. Kalez Kale programaren hurrengo fasea diseinatu eta gauzatuko dute; Gipuzkoa plaza ingurua birgaituko dute; Auzoen arteko “oreka” landuko dute, gobernantza sistema berri baten bidez; Mendeluren erronkari eusteko, “esku hartze partekatua” egingo dute, eta auzoarentzako etorkizunerako proiektu bat egingo dute; Santiago kaleko bigarren zatiko obra egingo dute, baita Arrantzale auzoaren berrurbanizazioa ere.
Nortasuna eta ondarea ere txertatu dituzte programa honetan. Atal honetan San Telmo gaztelua hiriko ondare historikoaren katalogoan sartuko dute, “Hondarribiko historia zaintzeko eta zabaltzeko”. Arma Plazak hiriaren historia eta ondarea aztertu eta zabaltzeko jeltzaleen apustua izaten jarraituko du. Udal plantilla egungo beharretara egokituko dute, Agenda 2030eko helburuak betetzen jarraituko dute, BAZ berria eta “hurbila” egingo dute eta energia eraginkorra ezagutu eta energia aurrezteko neurriak hartuko dituzte.
Azkenik, aipatu dute berdintasun, ingurumen eta euskararekin lotutako politikak “zeharka” kudeatuko dituztela, “gizartean inpaktu eta eragin handiagoa lortzeko”. Honi lotuta, aurreratu dute berdintasun saila ere sortuko dutela, eta teknikari bat kontratatu.
Programa osoa, hemen: EAJ Programa