[Elkarrizketa] «Gustuko dudalako egiten dut, ez dominak lortzeko; pasioa da niretzako»
Helduekin lehiatu bazen ere, brontzezko domina poltsikoratzeko gai izan da hondarribiarra Portugalen jokatutako Munduko Txapelketan. Egunerokotik «ihes egiteko» baliatzen du kenpoa gazteak.
Brontzezko dominarekin itzuli zara, baina uste baino zailagoa izan da lehia, ezta?
Ongi joan da bai, uste baino hobeto. Kontua da hasiera batean 21 urtez azpikoekin lehiatuko nintzela, baina nire adinekorik ez zegoenez, helduekin lehiatu nintzen. Uste baino zailagoa izan da lehia, urduri nengoen, hasierako egun berean esan zidaten, gainera. Egia da gehienetan helduekin tokatu zaidala borrokatzea, edo helduagoak ez badira, jende altuarekin. Maila ematen saiatu naiz, eta uste dut lortu dudala. Ez nuen ezer espero lehia aurretik. Munduko Txapelketa ezagutzera joan naiz, esperientzia ikaragarri horretaz gozatzera. Oso pozik nago.
Semi-kenpon aritzen zara. Ezagutzen ez dutenentzat, zertan datza?
Borroka azkarrak egiten ditugu semi-kenpo modalitatean. Beste modalitateetan zuzeneko borroka gehiago dago, eta konbateak ez dira hainbeste mozten. Honetan sartu eta ateratzen goaz, puntuak markatzen. Aurkaria ukitzen duzunean borroka gelditzen dute, puntuazioa emateko. Gero, berriro ekiten diogu borrokari. Ostiko bat jaso nuen begian, jaso ezin den horietako bat. Itsututa geratu nintzen, lentilla eta guzti erori zitzaidan. Kaotikoa izan zen, egia esan, baina halere oso pozik eta harro nago egindakoarekin.
Zein duzu hurrengo erronka?
Irailean izango dut, Tunisiara noa, bertan jokatuko baita Munduko Txapelketa. Kenpo kai kirolean bi lehiaketa mota daude: kenpo kai, eta kenpo federatua. Jokatu berri dudan txapelketa sail federatukoa izan da, eta irailekoa, aldiz, kenpo kaikoa izango da. Gogotsu nago. Ezberdina izango da, 18 urtetik aurrera ez baitago pisu kategoriarik edo kategoria berezirik. Denak denen kontra arituko gara. Beraz, ziur ni baino handiagoa den jendearekin lehiatzea tokatuko zaidala. Ez dut helburu zehatzik. Saiatuko naiz dena ematen, hori ziur. Ahal bada irabaztera joango naiz, noski, baina batez ere gozatzera. Kirol hau egiten dut gustuko dudalako, ez dominak irabazteko, ez dut kirol helbururik. Kirol hau pasioa da niretzako.
Gazte hasi zinen mundu honetan. Nolatan?
10-11 urte ingururekin hasi nintzen. Nire osabak eta lehengusuek egiten zuten, eta haiek animatu ninduten. Irunen hasi nintzen gerora, Washiken klubean. Kirol hau beste batzuekin uztartu dut orain arte, ez da nagusia izan. Baina azken urteetan goraka joan da pasio hori. Batxilergoan nabil orain, gogorra izaten ari da, eta ihes egiteko eta askatzeko baliatzen dut, presio hori ateratzeko.
Kirol biolentoa dela diote batzuk. Zer esango zenieke?
Biolentziarekin lotzen dute, borrokan zentratzen direlako bakarrik. Baina gero ez dute ikusten lehia bukatzean denak besarkatzen garela, zoriontzen garela egindakoagatik. Gehienetan lagunak izaten bukatzen dugu. Harreman estua sortzen da, hori da ez dutena ikusten. Borroka batek bi pertsona lotzen ditu, eta tatamitik jaisterakoan denak gara lagun. Entrenatzen lagunekin borrokatzen naiz, eta ederki daramagu.