"Aldaketa ilusiotik" ekarriko duen programa aurkeztu du EH Bilduk
Hondarribiko EH Bilduk maiatzeko udal hauteskundeetarako osatu duen programa kaleratu berri du. Sei ardatz nagusi izango ditu herri programak.
Hondarribiko EH Bilduk maiatzeko udal hauteskundeetarako osatu duen programa kaleratu berri du. Sei ardatz nagusi izango ditu programak. Aldaketa ilusiotik leloa aukeratu dute aurtengo hauteskundeetarako.
Lehenik, herriak aldaketa behar duela esan dute taldekoek, “urteetako kudeaketa exkaxak arazo asko azaleratu” dituelako. EH Bildu behar horiek konpontzek gai den “talde bakarra” dela diote, “ideiak eta lehentasunak argi ditugulako, eta udal askotan dagoeneko egiten ari garelako”.
Hondarribiak arazoak “pilatzen” jarraitzen duela erantsi dute, besteak beste, alardearen pribatizazioa, kotxean oinarritutako mugikortasuna, etxegintza eredu elitista, euskararen gainbehera, kontrolik gabeko turismoa edota arrantza eta bertako ekonomia zaurgarriak jarri dituzte adibide gisa. Proposamen “eraikitzaileak” ditu taldeak, eta argi dute zein den helburua: “XXI. mendeko udala nahi dugu, Hondarribia berdea, herritar guztiak berdinak, herri bizia eta bertan bizitzeko eta noski, herri euskalduna”.
Taldeak amesten duen herria lortzeko “udalaz harago” lan egin behar dela erantsi dute, eta esparru politiko guztietan “Hondarribiaren alde” lan egiteko konpromisoa hartu dute.
Programa honetan sei egitasmo zehaztu dituzte, ondorengoak:
- Mugikortasunaren kudeaketa berde eta integrala: Hondarribia “funtzionala, berdea eta erosoa” izateko Damarriko Mugikortasun Gunea beharrezkoa dela diote, bidegorri sarearekin konektatuta, bizikletentzako aparkaleku seguruekin, Irun, Donostia eta Baionako autobus zerbitzuekin, hiriko autobusarekin konektatuta, behealdean aparkalekuekin eta online eskaerak jasotzeko punturekin. Horrez gain, Amutaldeko disuasio aparkalekua eraiki nahi dute, bidegorrira Iruneraino eraman nahi dute, Bentako aparkalekua doan jarri nahi dute anbulatorio orduan, Hendaiara doan ontzia MUGI sisteman sartuko dute, auzoetan mugikortasun zerbitzuak eskainiko dituzte eta eskualdeko txirrinda publikoko zerbitzua eskainiko dute.
- Etxegintza eredu jasangarria eta soziala bultzatu: Herriko gazteei bertan bizitzeko aukera eman nahi diete, honako bi tresnen bidez: etxe hutsen errolda eginez eta zahartuta dauden etxebizitzak udalak birgaituz. Etxebizitza Parkea sortu nahi dute eta hauen alokairu soziala bultzatu. Etxebizitza turistikoen azterketa ere egingo dute.
- Berdintasun Saila eta teknikaria: Azken urteetan koalizioak egindako eskaera hori “errealitate bihurtuko” dute, “udalak behar duen Berdintasun Saila sortu eta alor honetan lan egingo duen teknikaria kontratatuz”. Berdintasunaren hiri izateko bidea ere zabaldu nahi dute.
- Zaintza integral eta komunitarioa: Diagnostiko osoa egin eta Plan Estrategikoa gauzatuko dute, “non zaintza behar ezberdinak jasotzen diren, zaintza publikoa, komunitarioa eta kolektiboa izan dadin, eta ez pribatua”.
- Arrantz egungo erronketara egokitzea: Arrantza “ekonomia iturri bihurtuko” du taldeak. Antxoa eta atuna kontserbatzeko KM 0-ko fabrika sortuko dute, eta ontziak erregai alternatiboetara bideratzeko industria sortuko dute.
- Euskararen erabilera berreskuratzeko tresnak: Euskarazko aisialdi ekintzak eta kultur programa “propioa” sortuko dute. UEMAn sartzeko prozesua ere martxan jarriko dute. Euskara Saila indartzea ere bada haien asmoa, “normalizaziorako arloa sortuz eta euskararen ordenantza berria” eginez.
Programa osorik kontsultatzeko, jo lotura honetara.